Garraiolarien greba

Bilboko portua gelditzeko arriskurik ez du ikusten Barkalak

Edukiontzietarako nahiko leku egin dutenez, itsasontziak kargatzeko edo husteko arazorik ez dagoela ziurtatu du. Hiru sindikatuak salatu du Tapiak ez duela aintzat hartu, sektorearekin egindako bileratik kanpo utzi duelako.

Itsasontzi bat Bilboko Portuan, Santurtzin. MIGUEL TOñA / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 21a
12:48
Entzun

Garraiolarien greba gero eta arazo gehiago sortzen ari da Hego Euskal Herriko industrian eta banaketa zerbitzuetan, baina ez ditu erabat geldiarazi. Gune logistiko nagusia, Bilboko portua, «%100 ari da lanean», Ricardo Barkala haren presidenteak ziurtatu duenez.

Haren arabera, itsasontziak sartzen eta ateratzen ari dira, eta zamaketa lanak egin egiten dira.

Arazoa da garraiolarien grebak asko murriztu duela portura sartzen edo handik irteten diren produktuen joan-etorria. Autonomoak dira Santurtziko nasetan ibili ohi diren kamioilari gehienak, eta haien artean du lanuzteak arrakasta gehien.

Hedabide batzuek kaleratu dute Bilboko portuan jada ez dagoela iristen diren edukiontzietarako lekurik, baina hala ez dela ziurtatu du Barkalak, ohikoa baino leku egin dutelako haientzat. Greba aurreko egunetan mugimendu handia izan zen portuan, eta, horri esker, «ez dago portua geldiarazteko arriskurik».

Barkalak onartu du produktu lehorrak dituzten edukiontziak pilatzen ari direla orain, eta zenbait enpresa hasi direla trenak erabiltzen haien merkantziak bereganatzeko. Bilboko portuan salgaien %25 garraiatu ohi ditu trenak.

Barazki batzuk falta dira Mercabilbaon

Bizkaiko beste gune logistiko handi bat Mercabilbao da, janaria banatzeko zentroa. Gorka Moreno fruta eta barazkien handizkako elkarteko presidenteak Efe agentziari azaldu dionez, zenbait produkturen eskasia antzematen ari dira. Horrela, gaur goizean Almeriako barazkiak —tomateak, lekak, berenjenak...— eta Valentzia aldeko laranjak eta mandarinak falta ziren. Igandean Errioxatik iritsi ziren barazki gehiago, baina ez dute espero asko iritsiko denik aste osoan. Horren ondorioz, handizkako saltzaileek biltegietan daukatena hari dira merkaturatzen.

Garraiolarien greba amaituz gero, Morenok uste du litekeena dela egun eta erdiren buruan itzultzea berriro normal aritzera.

Bien bitartean, Hiru sindikatuak protestekin jarraitu du gaur. 10:30ean Larrabetzuko (Bizkaia) Bideko Aterpetik abiatu da kamioi hilera bat, Bilbo zeharkatzeko asmoz, baina Ertzantzak debekatu egin die erdigunera sartzea, eta baita Santurtziko portu ingurura hurbiltzea ere, Hiruk esan duenez.

Jaurlaritzako Ekonomiaren garapeneko sailburu Arantxa Tapiak ez dituela aintzat hartu salatu dute, Hiru sektorearekin egindako bileratik kanpo utzi duelako. Nafarroako Gobernua bihar goizean elkartuko da garraiolarien euskal sindikatuarekin. «Hemengo agintari politikoek erabaki jakin batzuk hartzeko eskumenik ez dutela argudiatzen dute, baina gogorarazi behar da hainbat erabaki hartu direla hemen, eta ez garraioa babesteko». Zer neurri diren horiek? Zerga sistema aldatu dutela dio Hiruk, «eta garraio arloko autonomoentzat estatu osoko PFEZ garestiena ezarri dela». Gainera, Euskal Herria zeharkatzen duen «bide nagusian» garraiolariei bidesaria jarri dietela gogoratu du; «zuzenean, ogasunetara bidaltzen diren fakturetan beren QR kode bat sartzera behartu dituzte autonomo guztiak; eta Bizkaiko bigarren mailako errepideetan, Barazar 4. mailako mendatea barne, garraiolarientzako bidesari sistema bat jartzeko 50 milioi euroko aurrekontua iragarri dute, hain justu, garraioaren lanuztea bete-betean dela».

Bilera Madrilen

Gasolioaren garestitzearen aurkako neurriak eskatzen dituzte garraiolariek, haien artean erregaiaren gaineko zergak jaistea eta haien diru sarrerak handitzeko tresnak kostuek gora egiten dutenean. Gaur garraiolarien ordezkari batzuek bilera dute Espainiako Gobernuarekin, neurriak aztertzeko.

Madrilen asmoa zen hilaren 29ko bileran onartzea energiaren prezioari buruzko neurri sorta zabal bat, behin Europako Batasunak irizpideak argitzen dituenean, ostegunean eta ostiralean egingo duen bileran.

Neurriak bizkortzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak, garraiolarien grebak eta argindar oso garestiak industriari kalte handia egiten ari direla eta. «Hilaren 29ra arte itxarotea beranduegi izan daiteke, eta, denborarik galdu gabe, arazoari erantzun behar zaio», dio Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak asteburuan Garraio, Industria eta Nekazaritza ministroei bidalitako gutunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.