Lan gatazkak

Guggenheimeko garbitzaileek %20ko soldata hobekuntza lortu dute 283 greba egunen ondoren

2024an orain baino 3.400 euro gehiago irabaziko dituzte, eta lanaldi partzial guztiak jardunaldi osoko bihurtu dira. Kaleko garbitzaileekiko soldata arrakala ez dute deuseztatu, baina bai nabarmen murriztu.

Guggenheimeko garbitzaileak akordia ospatzen. OSKAR MATXIN / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 21a
12:59
Entzun

«Oso pozik gaude. Arlo ekonomikoan agian zerbait gehiago lortzea espero genuen, baina lanaldi erdian zeuden kideak jardunaldi osora pasatzea lortu dugu, eta hori gauza handia da. Lanaldien eta baldintzen inguruko lorpen garrantzitsuak dira». Carmen Casas (53 urte, 2014tik Guggenheimen) Guggenheim museoko garbitzaileen langile batzordeko buruak horrela aztertu du Ferrovialekin lorturiko akordioa. Greban zeuden hamahiru garbitzaileak ostegunean itzuliko dira lanera, 283 eguneko lanuztearen ondoren: «Motzagoa izango zela uste genuen. Hainbeste luzatu bada, eskirolengatik izan da», salatu du.

Guggenheim museoko hemezortzi garbitzaileetatik hamahiruk iazko ekainaren 11n hasi zuten greba. Ia guztiak emakumeak dira, eta asko urte luzez bertan lan eginikoak. Kale garbitzaileekiko soldata arrakala amaitzeko eskatzen zuten, langa altua zen, eta ez dute lortu bere osotasunean —ia 6.000 euroren aldea dago oraindik—; hala ere, soldata igoera esanguratsua da: %20 inguru. Soldata gordina 23.500 euroraino igo dute, lehen baino 3.400 euro gehiago urtean. Hori bai, soldata oinarria ez dute ukitu, igoerak gainsarien bitartez lortu dituzte. 2024an iritsiko dira baldintza horietara.

«Luzea izan da, baina indartsu egon gara. Bat eginda. Hori bai, museoaren jarrera salatu nahiko nuke. Bertan lan egingo ez bagen bezala jokatu dute», kritikatu du Casasek. Museoko garbiketa Ferrovialek egiten du, azpikontrata baten bitartez, eta museoak argudiatu izan du ez dela bere gatazka. Hori, baina, ez da zuzena. Museoak du azpikontrata hori onartu edo ez erabakitzeko ahalmena, eta urtero bere oniritzi ematen dio Ferrovialek eskaintzen dion soldata taulari. Beraz, bazuen gatazka eragiteko ahalmena.

Akordioaren lorpenik handiena lanaldi partzialen desagerpena da. Grebalarien artean hiru ziren hogei orduko kontratua zutenak eta 600 euro eskaseko soldata garbia. Horietako bat da Susana Marcos (44 urte, eta 2016tik museoan). «Harro itzuliko gara lanera, oso eskertua nagokie kideei elkartasunarengatik. Nire lan baldintzak asko hobetuko dira. Borrokarik gabe ez genuen halakorik lortuko». Marcosek %46ko soldata igoera izango du. Era berean, aurrerantzean sartzen diren garbitzaileak zein egungoak ordezkatuko dituztenak jardunaldi osoan egon beharko dute.

Grebalari guztiek azpimarratu dute ez zutela hain gatazka luzea espero. Izan ere, museoa garbi mantendu da, nahiz eta lantaldearen %70 greban egon. «Greba eskubidea urratu da, eta salatu genuen», azaldu du Casasek. Besteak beste, salatu dute Bilboko udal garbitzaileek ez zegozkien lanak egin dituztela. Salaketa hori azaroan egin zen, eta, ELA sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, mugarri bat izan zen negoziazioan, harrezkero bizkortu egin zirelako. Albistearen berri emateko ekitaldi bat antolatu dute museoaren aurrean, eta borrokaren lekuko aldaketa egin dute Bizkaiko Epaitegietako garbitzaileekin. Haiek ere greban daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.