Etxebizitza

Ipar Euskal Herriko 'monopoly'-aren arauak aldatu nahi ditu EH Baik

Ezkerreko abertzaleek gutuna bidali diote Pirinio Atlantikoetako prefetari, eta kanpaina abiatuko dute Frantziako Estatuak etxebizitzaren merkatua erregulatzeko neurriak har ditzan.

EH Baiko kideak, gaur, Baionako suprefektura aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko martxoaren 21a
16:32
Entzun

Joko arauak alda ditzagun! lelopean, EH Baik kanpaina bat abiatuko du Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren egoera salatu eta Frantziako Estatuari neurriak har ditzala eskatzeko. Gutuna bidali diote, berriz, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari, eta ekintzak eginen dituztela iragarri. Ekainean iraganen diren Frantziako Legebiltzarrerako bozak ere baliatzeko asmoa dute, proposamen zehatzak egiteko. Monopoly-aren estetika erabiliko dute, pertsona batzuek duten jokoa salatzeko. «Etxebizitzaren bidez espekulatzen dute batzuek, nahiz eta Ipar Euskal Herriko jendartearen parte handi batek arazoak dituen etxebizitza duin bat eskuratzeko. Joko arau horiek aldatzea dugu xede, merkatu libreak ez ditzan bere arauak indarrez aplikarazi».

Joan den otsailaren 3an bidali zioten lehen gutuna prefetari, martxoaren 5ean Euskal Hirigune Elkargoan bozkatzekoa zuten konpentsazio araua laguntzeko berehalako hiru neurri zehatz plantan eman zitzala eskatzeko. Etxebizitzari dagokionez «tentsio handiko eremuan» sartzen diren herrien kopurua emendatzea nahi dute, batetik, konpentsazio arau hori herri gehiagotan hartzeko aukera izan dezaten. Bestetik, alokairuen arautzea nahi dute, urte osoan alokagai diren etxebizitzak denentzat eskuragarri izan daitezen. Azkenik, bigarren etxebizitzen kopurua mugatzeko egoiliar estatusaren gisako neurriak aurreikustea galdetu zioten.

Spitzek otsailaren 15ean erantzun zien, baina eskaerak onetsi gabe. «Frantziako Estatuak, gobernuak eta parlamentariek, dispositibo berriak jarri behar dituzte martxan, legeak eta arauak egoeraren larritasunari egokitzeko». EH Baik uste du Euskal Hirigune Elkargoak bozkatutako konpentsazio neurriaren ereduan segitu behar dela. «Hautetsiek eta botere publikoek neurriak hartzen dituztelarik herri mobilizazioak defendatzen duenaren alde, aitzina zinezko pausoak egitera iristen gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.