Zinema

Pascale Bodeten ‘Baleh-baleh’ filmak irabazi du Ikuspuntu jaialdia

Arantza Santestebanen ‘918 GAU’ filmak publikoaren saria eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso ditu.

Jaialdian saritu dituzten filmen egileak eta ordezkariak, sari emate ekitaldian. IKUSPUNTU JAIALADIA
2022ko martxoaren 21a
16:51
Entzun

Pascale Bodet zinemagilearen Baleh-baleh filmak jaso du aurtengo Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiko sari nagusia. Sail Ofizialean lehian aritu diren 21 filmen artean, hura hautatu du epaimahaik irabazle. Arantza Santestebanen 918 GAU filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du.

Martxoaren 14tik 19ra bitarte egin dute zinema jaialdia. XVI. aldia izan da aurtengoa, eta guztira ehun film inguru proiektatu dituzte, hogei herrialde baino gehiagotakoak. Marina Vinyes Albes, Roger Koza eta Christopher Smallek osatu dute aurtengo jaialdiaren epaimahaia, eta, adierazi dutenez, Baleh-baleh filma «solasaldi bikain eta sigi-sagatsua da, etengabe gauza harrigarriak ezagutzera ematen dituena». 10.000 euroko saria jaso du.

Zuzendaririk onenaren saria Mengqi Zhangi eman diote. Self-Portrait: Fairy Tale in 47 Km filma aurkeztu du lehiaketan zinemagileak, eta epaimahaiak zera nabarmendu du filmari buruz: «Film benetan paregabea da, zinema demokratiko mota berri baten bidea abiarazi duena». Gazteek ere Zhangen filmari eman diote beraien sari nagusia.

Film labur onenaren saria, berriz, Shireen Seno zinemagilearen To Pick a Flower filmak jaso du. Epaimahaiaren iritziz, «obra hauskorra da, artxiboko irudien eta pantaila beltzen joko leuna, ahots urratu samarra, ikusten ari garenari buruz hitz egiten duena».

Arantza Santestebanek 918 GAU filma aurkeztu du jaialdian. Sail Ofizialean lehiatu da, eta ez du sari nagusirik irabazi, baina jaso du aitortzarik. Epaimahaiak aipamen berezia egin baitio film onenaren kategorian –Javier Codesalen Evangelio mayor filmak ere jaso du aipamena–, eta ikusleen saria ere jaso du.

X Films

X Films ataleko saria Blanca Camell zinemagilearen Renacuajos film proiektuak jaso du. Film proiektuei zuzendutako atala da X Films; egileek idatziz aurkeztu behar izan dituzte beren proposamenak, eta ikusleen aurrean azaldu gero jaialdian. Hiru proiektu aurkeztu dira denera aurten, baina Camellen lana saritzea erabaki du epaimahaiak azkenean. «Proposamen honetan irudien sorkuntza, horien familia transmisioa eta memoria laburpenak lotzen dira, zentzumenen eta oroitzapenen bitartez. Istorio intimo batetik abiatuta, haur izatetik emakume izaterako igarobidea eta amatasuna arakatzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.