Garraiolarien greba

CAFek jarduera geldituko du asteazkenean

Garraiolarien grebak eragin dion osagai gabeziak eraman du gelditzera Gipuzkoako industria enpresarik handiena.

CAFen lantoki handia, Beasainen. JON URBE / FOKU
xabier martin
2022ko martxoaren 21a
16:53
Entzun

Garraiolarien lanuztea eta erregaiaren prezioak direla eta, arazo handiak sortzen ari da industrian, janarien banaketan baino gehiago. Lehengaien eta osagaien gabeziak hainbat fabrikaren geldialdiak eragin ditu azken egunetan, eta, gaur, CAFek jakinarazi du jardueraren zatirik handiena bertan behera utzi beharko duela, etzi, hain zuzen, hornidura arazoak dituelako.

Hala, Gipuzkoako industria enpresarik handienak iragarri du haren langile gehienak lanik gabe egongo direla asteazkenean, baina ez du zehaztu zenbat iraungo duen egoera horrek. Beasaingo eta Irungo lantokietan, trenen fabrikazioan eta ibilgailuen azken ukituen esparruetan izango da geldialdia. Lanik egin ezin duten beharginek aurrerago itzuli beharko dituzte ordu horiek, zuzendaritzak esan duenez.

Aurreko astean, bi egunez gelditu zuten gurpilen esparruko jarduera CAFen, gasaren prezio izugarriak tarteko. Gurpilak kudeatzen dituzten langileak beste zeregin batzuetan jarri zituzten bi egun horietan.

Jarduera geldirik duen Gipuzkoako beste enpresa handia Errenteriako Papresa da, hori ere garraiolarien grebak eragindako hornidura arazoengatik. Europako hegoaldeko paper fabrikatzaile handienetako bat da Papresa, eta lehengairik gabe gelditu da azken egunotan. Zuzendaritzak esan du garraiolarien grebak «are sakonagoa» egiten duela energiaren prezioek eragindako krisia papergintzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.