Hezkuntza

Otegik «aukera historikotzat» jo du Hezkuntza Lege berriaren oinarrirako ituna

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du euskarak «helburu» izan behar duela. EHIGEk, berriz, «kezka» adierazi du, eskola publikoaren aldeko apusturik egin ez delakoan.

Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
2022ko martxoaren 21a
17:17
Entzun

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren hitzetan, «aukera historiko baten aurrean» dago euskal gizartea. EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta koalizio subiranistak Hezkuntza itunaren zuzenketen inguruan adostutako akordioa goraipatu du, eta nabarmendu euskarak, «ardatz» ez ezik, «helburu» ere izan behar duela.

Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan, EH Bilduko koordinatzaileak adierazi du gaztelania dela Hego Euskal Herriko «hizkuntza hegemonikoa», eta sarri ahaztu egiten dela «euskaldun identitatea arriskuan» dagoela: «Gurea, euskara, diglosia egoeran dago». Horri buelta emateko, «estrategikotzat» jo du hezkuntza.

Koalizioak akordioari eginiko ekarpen nagusia euskara eskakizunetan helburuak jarri izana dela nabarmendu du: «Itunak bermatu behar du mundu guztiak, ziklotik ateratzean, bi hizkuntzak maneiatzen dituela eta, ahal dela, hirugarren bat ere bai». Hala, «lubakitik atera» eta proposamen bat egin zuen lehen indarra EH Bildu izan zela nabarmendu du. Halere, Otegiren hitzetan, ez da ahaztu behar Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa bakarrik dela neurria, eta «nazio ikuspegiaren inguruko eztabaida» ongi finkatzeko beharra adierazi du.

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko koordinatzaile Lurdes Imazek, baina, ez du begi onez ikusten akordioa. Irrati kate berean eginiko adierazpenetan, «kezka handia» adierazi du hark, ez delakoan «publikoaren aldeko apustu argirik egiten». Haren hitzetan, itunpeko ikastetxeak publikoekin parekatzea «akats larria» da: «Herri honetan eskola publikoaren aldeko apustu argi bat egiten ez den bitartean, ez diegu helduko herri honek dituen erronkei». Euskarari dagokionez, berriz, helburuak ezarri diren arren, «atzerapauso bat» eman dela uste du Imazek, eta murgiltze eredu baten beharra nabarmendu.

Oso bestelakoa da EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizen iritzia. Euskara nola hala sartu nahi izatea eta «gaztelera geletatik desagertzeko» lan egitea egotzi die itunaren aldeko indarrei. «Haiek gehiengoa izango dute, baina arrazoia PPrekin dago», adierazi du: «Beste behin, nazionalismoak askatasuna suntsitu du». Era berean, itunpeko ikastetxeen aurka aritzea leporatu die, gurasoei «hezkuntza eredua libreki aukeratzeko» ahalmena kenduta.

Bildarratz, bidaian

Hezkuntza Lege berriaren inguruko akordioak sortutako harrabotsaren erdian, Estonia eta Finlandia bisitatuko ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek. Jaurlaritzak adierazi duenez, herrialde haietako arduradun politikoekin eta hezkuntza alorreko eragileekin biltzea da bidaiaren helburua, hango hezkuntza sistemen berri jasotzeko. Hala, Tallinngo Unibertsitateak antolatutako mintegi batean parte hartuko du, eta Finlandiako Hezkuntza ministro Li Anderssonekin bilduko da. Finlandian, Helsinkiko udaletxea ere bisitatuko du, herrialde hartako hezkuntzan udalek duten «ardura eta autonomia» aztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.