Energia

EB ez da ados jarri Errusiari petrolioa erosteari uzteko

Herrialde batzuek eskatu dute debekua, baina Hungariak ohartarazi die ez duela onartuko. Errusia deskontuarekin ari da saltzen bere petrolioa, Asian eta Europan.

Lukoil konpainiaren ikur bat, Moskuko gasolindegi batean. JURI KOTXETOV  / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 21a
19:51
Entzun

Bosgarren zigor sortan tupust egin du Europako Batasunak. Errusia zigortzeko lau neurri multzo bizkor onartu ondoren, EBko kideen abiadura asko moteldu da min handien egin diezaiokeen gaiarekin jo baitu: Errusiari hidrokarburoak erosteari utzi behar al dio? Errusiaren diru iturri nagusia itxiko luke horrela EBk, baina bere buruari kalte handia eginez, Errusiatik baitatorkio gasaren heren bat baino gehiago eta petrolioaren laurdenetik gora.

EBko Atzerri ministroek bilera egin dute gaur Bruselan, Errusiaren aurkako zigor neurri gehiago aztertzeko. Errusiako petrolioa erosteko debekua mahai gainean izan da, lehen aldiz modu garbi batean. «Ezin gara zigorrak jartzeaz nekatu. Petrolioari buruz hitz egin behar dugu», adierazi du bilerara sartzean Gabrielius Landsbergis Lituaniako Atzerri ministroak. Irlandako Simon Coveneyk ere aipatu du aukera hori eta ikatza ere inportazio debekatuen zerrendara batzea proposatu zuen.

Baina halako zigor bat aho batez hartu behar dute EBko 27 estatukideek, eta halakorik ez dago. Hungariako Atzerri ministro Peter Szijiartok ohartarazi du bere gobernuak ez zuela Errusiako petrolioari boikot egitea ontzat hartuko «Ez dugu Hungariaren segurtasun energetikoa arriskuan jarriko duen zigorrik onartuko». Vladimir Putinengandik gertu egon izan da Viktor Orban Hungariako lehen ministro eskuindarra, baina Ukrainako gerra hasi denetik babestu egin ditu Errusiaren aurkako zigorrak.

Oraindik, Europara

Berez, gerra hasi zenetik gutxitu egin da Europako konpainiek Errusian egiten duten petrolio erosketa, eta Ural upela
—Errusiako petrolioa— Brent upela baino merkeago saltzen ari dira orain, erosleak erakartzeko. Asiara begira ari direla onartu du Aleksandr Novak Errusiako lehen ministrordeak, baina Moskuren datu ofizialek diote Europara doala oraindik bere petrolioaren zatirik handiena: martxoaren 1etik 15era Errusiak egunero esportatutako 4,39 milioi upeletatik 2,7 milioi joan ziren Mendebaldera doazen petroliobideetan edo Itsaso Beltzeko eta Baltikoko portuetatik, eta horien bezero nagusiak EBko herrialdeak dira.

Blokeo ofizialaren aurretik ere, energia sektoreko multinazional handiek iragarri dute Errusiako merkatua utziko dutela. BP, Shell, Total eta beste enpresei batu dakieke aurki Enel argindar konpainia, Italiakoa. 2004an sartu zen Enel Errusian eta gaur egun hiru zentral termiko eta parke eoliko bat ditu. «Zoritxarrez, [zentral termikoak] itxi beharko ditugu», azaldu du Francesco Starace Eneleko kontseilari ordezkaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.