Pello Alberdi eta Jon Rodriguez

'Biziz' proiektuaren sortzaileak: «Ondokoari laguntzeko prestasuna oso barneratua dute»

Biziz proiektuaren sortzaileak elkarrizketatu ditu BERRIAk: Pello Alberdi eta Jon Rodriguez. Bidean topatu dituztenen «komunitate izaera» eta «laguntzeko prestasuna» goraipatu dituzte. 'Biziz' blogean jaso dituzte bidaiari buruzko nondik norakoak.

2022ko martxoaren 22a
10:54
Entzun

Unibertsitatean ikasi zuten graduak batu zituen Pello Alberdi (Hernani, Gipuzkoa, 1997) eta Jon Rodriguez (Ordizia, Gipuzkoa, 1997). Testuinguru horretan jaio zen helburu askotarikoak dituzten gobernuz kanpoko hainbat erakundek egiten duten lanari oihartzuna eman asmo dion Biziz proiektua. Alberdi eta Rodriguez dira proiektuaren sortzaileak, eta bidaia bat du oinarri: irailaren 15ean hasi zuten, bizikleta gainean.

Ordutik, munduko hainbat txoko zeharkatu dituzte, eta esperientziaren berri eman dute sare sozialetan eta BERRIAren webgunean. Biziz bloga baliatu dute horretarako, eta, bidaiaren nondik norakoak kontatzeaz gain, GKE anitzen lanaren berri ere eman dute.

Ikusi gehiago:«Oihartzuna eman nahi diogu zenbait GKEk egiten duten lanari»

Lagun arteko afarietan, «erdi brometan» hasi ziren proiektuari forma ematen, arlo pertsonalean hazten lagunduko zien «esperientzia baten beharra» sentitu ostean. «Zerbait desberdina nahi genuen; munduko toki askotarikoak bisitatu eta ezagutu baino gehiago, horiek bizi. Eta zer modu hobea hau bizikletaz egitea baino? Bizikletaz bizi, Biziz», diote blogean.

Esan eta egin: Afrika izan dute lehen geltoki. Hegoafrikara joan ziren lehenik, hegazkinez. Handik, iparralderantz joan dira: Hegoafrikatik Zimbabwera, Zimbabwetik Zambiara, eta Zambiatik Tanzaniara. Han, bidaia birplanteatu behar izan dute: Tanzaniara iritsi eta gero Kenyara joan behar zuten, baina azkenean gorantz jarraitu dute, «Afrika guztiz gurutzatzeko».

Iraultza askotarikoak

Ibilbidean hainbat GKE ezagutu dituzte. «Mota desberdinetako erakundeak bisitatu ditugu: animaliak babesten dituzten erakundeak, osasuna eta ura hizpide dituzten erakundeak, eskola eta umezurztegiak... Oso interesgarriak izan dira guztiak, eta asko ikasi dugu haiekin», kontatu dute.

Hain justu ere, horixe da etxera eramango duten balio garrantzitsuenetariko bat: komunitate izaera. «Ondokoari laguntzeko prestasun hori oso barneratua dute», nabarmendu dute. «Beti agertu dira laguntzeko prest».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.