Garraiolarien greba

Enpresen itxiera arriskuaz ohartarazi du Bilboko Merkataritza Ganberak

Jaurlaritzak neurriz erosteko eskatu die herritarrei, elikagaien eskasia eta garestitzea txikitzeko.

Hiruko garraiolarien protesta, astelehenean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 22a
12:08
Entzun

Bilboko Merkataritza Ganbera ere batu da egoeraren larritasuna salatu duten erakundeetara. Haren arabera, garraiolarien grebak «egoera larrian» jarri ditu Bizkaiko enpresak, industriakoak batez ere. «Luzatuz gero, patronalek eta enpresek beraiek ohartarazten diguten moduan, askok ezingo dute iraun, eta behin betiko itxi beharko dute, eskariak betetzerik ez dutelako», ohartarazi du.

Ganberak oroitarazi du enpresak pandemiak eragindako krisitik ateratzen ari zirela Ukrainan gerra piztu zenean, eta Errusiaren inbasioaren aurretik ere ari zirela energia garestiaren kalteak pairatzen. «Horregatik, burua altxatu behar zutela ikusten zen une batean, errepide bidezko garraioaren lanuztea ekoizpen katea itotzen ari da, kate logistikoa hautsi delako; batzuen aldarrikapenek besteen hondamena ekar dezakete».

Egoera okerrena industrian gertatzen ari dela nabarmendu du Bilboko Merkataritza Ganberak, eta merkataritzan «produktu jakin batzuk» baizik ez direla falta ziurtatu du, eta ez dela hainbeste izan garraioaren arazoengatik, baizik eta «kontsumitzaileek janari gehiegi pilatu dutelako».

Bilboko Ganberak aitortu du garraiolariak egoera txarrean daudela gasolioaren garestitzearen ondorioz, baina protestatzeko modua eta lanuztea egiteko unea bera «ez datoz garai onean». Gainera, uste du «gutxiengo» bat ari dela autonomoak grebara bultzatzen.

Edonola ere, «errepide bidezko garraioak aspaldi behar du sakoneko gogoeta bat, berregituraketa bat, berritzeko eta hobetzeko laguntzak, baina trabak jarri zaizkio, eta ez arreta». Egoera lehertu egin dela uste du ganberak, baina aldaketak aurretik egin behar zirela, «ura bare doanean egin behar baitira erreformak».

Jaurlaritzaren eskaera

Elikagai hornidura aipatu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, gobernu bileraren ondorengo prentsaurrekoan. Azaldu duenez, elikagaien klusterrak egunero banatzen die informazioa, eta goizean hitz egin dute banaketa talde handiekin. Denek adierazi diote eskasia zabaldurik ez dagoela, baina bai falta direla produktu jakin batzuk; esaterako, baxurako arrantzaleek ekarri ohi duten arraina. «Baina hortik kanpo adierazten digutena da produktu guztiak behar beste daudela».

Produktu batzuen eskasia «gehiegizko erosketarekin» lotu dute banatzaileek, eta horren ondorioz gai batzuk garestitzen ari direla. Horregatik, Jaurlaritzak dei egiten die herritarrei neurriz erosteko. «Behar duguna bakarrik eros dezagun, ez gehiago. Horrekin lagun dezakegu produktuak izaten eta prezioak gehiago ez garestitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.