Mendia

Juan Ignacio Lorente hil da, Everestera igo zen lehen euskal espedizioko kideetako bat

82 urte zituen. Espedizio hartan mediku lanak egin zituen. Itzalean egotea gustatzen zitzaion alpinista zen.

ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 22a
13:29
Entzun

Juan Ignacio Lorente hil da, 1980an Everesteko (8.848 metro) tontorrera iristea lortu zuen lehen euskal espedizioko kide eta medikua. 82 urte zituen, gasteiztarra zen, eta, mendizaletasunean ez ezik, medikuntza munduan ere ezaguna zen, oftalmologoa baitzen.

Euskal mendizaletasunaren historiaren mugarri izan zen espedizio hura. Otsailean aurkeztu zen espedizioa, eta hamabi mendizalez zegoen osatuta: Juan Ramon Arrue, Ricardo Gallardo, Joxe Urbieta, Felipe Uriarte, Martin Zabaleta, Angel Vallejo Rosen, Luis Marii Saenz Olazagoitia, Kike de Pablo, Emilio Hernando, Xabier Erro, Javier Garaioa eta Lorente bera. Martxoaren 20an iritsi ziren oinarrizko kanpalekura, eta maiatzaren 14an, 15:30ean, tontorrera ailegatzea lortu zuten, eta ikurrina jarri zuten gorenean. Ez zen Lorente Everesten zegoen lehen aldia. 1974an helburu bera izan zuen Tximist espedizioko kide ere izan baitzen. Orduan, gainetik 350 metrora geratu ziren.

Mendian beste hainbat balentria ere egin zituen: 1981ean ere Ticlio mendi tontorreraino igo baitzen (4.480 metro), Perun, Arabako beste hainbat mendizalerekin batera. 1990ean Cho Oyura (8.188 metro) igotzen ahalegindu zen, baina altuerako gaitza dela-eta ezin izan zen iritsi. Itzalean egotea gustatzen zitzaion mendizalea zen, eta harekin batera espedizioetan parte hartu zuten mendizaleek nabarmendu zuten haren gertutasuna eta lana. Funtsezkotzat jo zuten. Golfa eta eskia ere gustuko zituen. Azken urteetara arte egin zuen kirola.

Ogibidez oftalmogoloa zen, eta hamarkadetan zehar milaka gasteiztarren begi osasuna zaindu zuen. Marcelo aita ere oftalmologoa zen, eta haren lekukoa hartu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.