Hizkuntza eskubideak jomugan

Hizkuntza eskubideen urraketa «betikotzen» ari dela salatu du Behatokiak

Nafarroako Gobernuko plantilla organikoaren azterketa egin du, eta ondorioztatu du batez beste lanpostuen %3k dutela elebidun izateko betebeharra. 

Agurne Gaubeka, gaur, Iruñeko Kondestable jauregian. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko martxoaren 22a
13:37
Entzun

«Nafarroako Gobernuak ezin du esan hizkuntza eskubideak bermatzen dituela, une honetan ez duelako gaitasunik, profil elebidunen lanpostu kopurua oso urria delako». Foru administrazioan lan egiten duten plantilla organikoaren azterketa aurkeztuta, ondorio nagusi hori azpimarratu du Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Zehazki, lanpostuen %3k baino ez dute betetzen baldintza hori; departamentu batzuetan %2ren azpitik dago, eta lau departamendutan ez dago profil elebidunik. Gainera, lanpostu horietako asko eremu euskaldunekoak dira, eta, administrazioaren lanpostu gehienak eremu mistoan direnez, kopurua are urriagoa dela aipatu du Gaubekak.

Herritarrak administrazioaren aurrean euskaraz aritzeko eskubidea eta euskara bera sustatzeko bi tresna nagusi ditu gobernuak: batetik, lanpostu elebidunak jartzea, eta, bestetik, oposizio deialdietan euskarari puntuazio egokia ematea. Gaubekak gaitzetsi du kontrakoa gertatzen ari dela orain. Izan ere, lanpostu elebidunen kopuru eskasari urtarrilean ezagutarazitako merezimenduari buruzko dekretuaren zirriborroa gehitu behar zaio.

Horregatik, hori ikusita, «kezka handia» azaldu du Gaubekak, hizkuntza eskubideen urraketak «betikotzen» direlako: «Adierazi nahi duguna da panorama honekin ezinezkoa dela euskarazko gutxieneko arreta bat eskaintzea; ez bakarrik eremu ez-euskaldun eta mistoan: eremu euskaldunean ere arazoak daude».

Kezka azpimarratzeko, hainbat galdera plazaratu ditu: «Baldintza horietan, nola bermatuko da euskarazko zerbitzua? Nola bermatuko zaio euskara erabili nahi duen herritarrari mezua ondo ulertuko dela eta gaztelania erabili nahi duen berme eta azkartasun bera izango duela? Bestalde, eremu euskalduneko herritar batek zerbitzu zentralak behar baditu, zein eskubide bermatuko zaio? Azkenik, eremu ez-euskalduneko herritarrei zergatik ukatu behar zaie administrazioarekin euskara erabiltzeko eskubidea?».

Hori guztia salatzeko, datorren astean Kontseiluak kanpaina bat abiatuko du, eta harekin bat egingo du Behatokiak. Herritarrei dei egin die bertan parte hartzera.

Txostenaren edukia

Behatokiak aurreratutako datuetan, hamar departamentutako datuak aurreratu ditu —Hezkuntza, Herritarrekiko Harremanak/Euskarabidea eta Landa Garapen eta Ingurune departamentuetakoak ez ditu eman, hor daudelako, kasurako, irakasleenak—. Orokorrean, postu elebidunetan eskatzen den ezagutza maila B2koa da, eta postu zehatzetan, C1ekoa.

Kasurik paradigmatikoenetako bat Osasun Departamentuan eta hari atxikitako Osasunbidean gertatzen da: kopuruan, lanpostu elebidun gehien ditu, baina ehunekotan %2,3 baizik ez dira, «eta gehienak eremu euskaldunean». Zerbitzu zentraletan, eremu mistoan, diren postu elebidun gehienak erizainenak dira, eta asko hutsik daude. Espezialitate guztiak aztertuta, ez dago euskarazko derrigortasuna duen lanposturik, eta zeladoreen artean, bi baizik ez. Eremu euskaldun osoan, soilik zazpi mediku lanpostutan da euskara nahitaezkoa. Nafarroa osoan, berriz, 69 pediatra daude, eta horietatik bederatzik baino ez dute euskaraz aritzeko betebeharra —zazpi, eremu euskaldunean—. Halaber, lurralde osorako, psikologo kliniko batek eta terapeuta batek dute profil elebiduna.

Lehendakaritza, Barne eta Funtzio Publikoko Departamentuan ere joera antzekoa da. Foruzaingoa salbu, 1.253 lanpostuetatik 39 baizik ez dira elebidunak. Suhiltzaileen zortzi parkeetatik bostetan ez dago euskarazko profilik: berez, 619 lanpostuetatik, hamabost baizik ez dira elebidunak —Altsasu/Auritz (bost); Iruñea (bederatzi) eta Lizarra (bat). Larrialdi zerbitzuetan, berriz, ez da derrigortzen euskaraz jakingo duen lanposturik izatea. Foruzaingoan, berriz, 1.312 lanpostu daude —200 inguru hutsik daude egun—, eta horietatik 22k dute profil elebiduna: hamazazpik eremu euskaldunean (Altsasun edo Elizondon) eta soilik lauk gainerako polizia etxeetan. Deigarria da Iruñerrian trafikoan aritzen diren 104 polizia ez direla behartzen euskaraz jakitera, ezta eremu euskaldunean aritzen diren «gehienak» ere.

Herritarrekin arreta berezia duen beste departamentu bat Ekonomia eta Ogasuna da: 518 lanpostuetatik hamabik soilik dute hizkuntza eskakizun hori derrigortuta. Herritarrei zerga aholkularitza eta informazioa emateko atalean, 33 lanpostuetatik soilik biri eskatzen zaie euskaraz jakitea (C1 maila); zergadunekiko harremanetarako atalean, berriz, 31 postuetatik bakarrari. Nastat estatistika erakundean postu batean soilik da derrigorrezkoa euskaraz jakitea, eta Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboko beste batean ere bai.

Kulturan, berriz, 221 lanpostu daude, eta bederatzik soilik dute derrigortuta euskaraz jakitea. Horien artean daude liburutegi sareko langileak. 76 liburutegien artean, 125 lanpostu daude, eta arduradun postuen artean soilik zortziri eskatzen zaie euskaraz jakitea —zazpi eremu euskaldunean—. Hartara, eremu mistoko eta ez-euskalduneko 71 liburutegitan, lanpostu bakarrari eskatzen zaio euskaraz jakitea.

Aztertutako hamar departamentuetatik lautan ez dago profil elebiduna izatea derrigorrezkoa den lanposturik: Lurralde Antolamenduan eta Etxebizitzan, Justizia eta Migrazio Politiketan, Unibertsitatean eta Berrikuntzan, eta Garapen Ekonomikoan. Halaber, Gizarte Eskubideen Departamenturako lan egiten duten Nafar Lansareren «enplegu agentzia batzuetan eta haur eskoletako hezitzaile lanpostu batzuetan soilik daude euskarazko profila duten lanpostu bakan batzuk».

Ezagutzaren datuak, apur bat hobeak

Gaubekak gaineratu du ezagutzaren datuak hobeak direla. «Herritar bat joan daiteke departamentu horietako batera eta suerta dakioke euskaraz dakien norbait, baina ez Nafarroako Gobernuak neurririk hartu duelako; apur bat txiripaz. Begiratu genituen Euskarabidearen datuak, eta departamentu batzuetan ez dira asko hobetzen. Hau da, suerta daiteke euskarazko arreta emateko gai diren langile gehiago egotea, baina departamentu gehienetan ez da horrela. Ez da %3ra iristen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.