Maileguak Ukraina, Errusia edo Bielorrusiarekin harreman komertzialak dituzten enpresentzat

Printzipioz hamar milioi eurokoa izango den finantzatze lerro bat sinatuko dute Finantzen Euskal Institutuak eta Elkargik. Pedro Azpiazuren ustez, COVID maileguen gabealdia luzatzea ez da neurri eraginkorra orain.

Bingen Zupiria eta Pedro Azpiazu, Gobernu Kontseilu osteko agerraldian. JON RODRIGUEZ / IREKIA
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 22a
14:30
Entzun

Ukrainako Gerraren testuinguruan, premiazko bi finantza lerro abiatu ditu Jaurlaritzak, berehala indarrean ezarriko direnak. Batetik, Finantzen Euskal Institutuak Elkargiren hitzarmena sinatuko du mailegu lerro berezi bat zabaltzeko Ukrainako, Errusiako eta Bielorrusiako bazkide komertzialak dituzten euskal enpresa ertain eta txikientzat; «gatazka armatuaren ondorioz jardueran eta transakzio ekonomikoetan kalteak izan dituztenentzat», zehaztu du Azpiazu sailburuak.

Hamar milioi euro izango dira printzipioz lerro horretarako, «eta, behar baldin bada, kopurua handitu egingo da beharrezkoa den kopururaino». Maileguak 50.000 euro eta milioi bat euro artekoak izango dira, hiru urtera itzultzekoak, urtebeteko gabealdiarekin eta Euribor (hamabi hilabete) gehi %1,25eko diferentzialarekin.

Beste finantzatze lerro bat ere atonduko du Jaurlaritzak enpresa mota guztientzat, kontuan izanik egungo ziurgabetasun egoeran zailago edo garestiago izan dezaketela finantzaketa lortzea, edota Elkargiren lerrotik ezin dituztelako behar horiek ase. Kasu horretan, enpresek eskura izango dute Finantzen Euskal Institutuak finantza entitateekin %50ean kofinantzatutako maileguen eskaintza osoa.

Pedro Azpiazuren arabera, «ez da baldintza zehatzik eta finkorik ezarriko eragiketa horientzat; gerraren ondorioz, enpresa horien beharrak estaltzea da kontua, eta, ondorioz, mailegatutako kopuruak, epeak eta interesak alde guztien artean ezarriko dira, kasuan-kasuan».

Bi erremintak, bi finantza lerroak bateragarriak direla ere zehaztu du Ekonomia sailburuak. Eta enpresek jada eskariak aurkez ditzakete Elkargin.

Luzapenik ez COVID maileguetan
Azpiazuren ustez, Europan gauzak erabaki zain, «ezinbestekoa da bitartean diagnostiko onak egitea eta irtenbide egokiak eskaintzea, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztutako erabakiak kirurgia finekoak dira, ez isipu lodiz margotuak».

Azken egunetan batez ere SEA Arabako patronalak COVID maileguen gabealdia luzatzeko egindako eskariaz galdetuta, Ekonomia sailburuak azaldu du haiek eman ziren garaian enpresa guztiek jasan zutela kaltea. «Orain, egoera beste bat da, eta beste neurri batzuk ipini ditugu martxan. Baten batek eskatu digu hori ere, baina nik uste dut baten bat hori solte dagoela eskari horretan. Ikusiko dugu etorkizunean; agian gauzak aldatuko dira, eta halako neurri bat beharrezkoa izango da. Baina orain halako neurri bat, enpresa guztientzat, sektore guztientzat, nire ustez, ez da efizientea, ezta eraginkorra ere».

Kontua da bere garaian COVID maileguak jaso zituzten hainbat enpresari hurbiltzen ari zaiela haiek itzultzen hasteko epea. Arabako eta Gasteizko Ostalaritza Elkarteak eta SEA patronalak eskari publikoak egin dituzte, esanez egoera dela-eta zenbait enpresak zailtasunak izango dituztela ordainketa horietarako.

2020ko apiril-maiatzetan eman ziren, Elkargiren bitartez, COVID mailegu deitutako gehienak —2021ean ere eman ziren 81 milioi euro mailegutan—. Hego Euskal Herrian, guztira, 948 milioiren kredituak bermatu zituen Elkargik; horietatik 800 milioi euro inguru, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hasieran, mailegu haiek lau urtean itzultzekoak ziren, urtebeteko gabealdiarekin. Baina, gerora, baldintzak aldatu egin ziren, eta itzulpena sei urtean egiteko aukera eman zen, gabealdia bi urte luzatuz. 520-520 milioi euroko kopurua bermatu zuen Elkargik baldintza berriko maileguetan, eta kreditu horiek dira orain gabealdi luzatua amaitzear dutenak.

Eusko Jaurlaritza ez da pandemia garaiko mailegu berezien itzulketa luzatzeko eskariak jaso dituen erakunde bakarra. Espainiako Gobernuak, esaterako, datorren astearteko ministro kontseiluan laguntza berriak erabakiko dituela aurreratu du Nadia Calviño Ekonomia ministroak, eta zenbait hedabidetan aipatu da litekeena dela ICO kredituen gabealdian luzapen bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.