Mendebaldeko Sahara

Sahararen aldeko protestak egin dituzte Espainiako Gobernuaren hiru ordezkaritzatan

«Espainiako Gobernuak bigarren aldiz traizio egin digu», esan du Dagna Magfrik Mendebaldeko Saharako ordezkariak Euskal Herrian.

Emakume sahararrak Pedro Sanchez argaziak buru behera erakusten, Donostiako elkarretaratzean. ANDONI CANELLADA / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko martxoaren 22a
20:23
Entzun

Ehunka pertsona bildu dira Espainiako Gobernuak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen ordezkaritzen aurrean, eta herri batzuetan, Mendebaldeko Saharari sostengua agertzeko, eta Pedro Sanchezen exekutiboak joan zen astean iragarritako politika aldaketa arbuiatzeko.

«Sanchez, entzun, Sahara ez dago salgai», leloa aireratu dute manifestariek Bilboko elkarretaratzean, Plaza Eliptikoan. Jende asko bildu da; saharar komunitateko kide horietako asko, eta elkartasuna adieraztera etorritako herritar ugari ere. Sanchezi «aurpegia emateko» eskatu diote, eta «Marokoren terrorismoa» salatu dute.

«Espainiako Gobernuak bigarren aldiz traizio egin digu», esan du Dagna Magfrik Mendebaldeko Saharako ordezkariak Euskal Herrian. Mohamed Limamek antzeko ideia adierazi zion atzo BERRIAri: «Espainiak traizio egin dio beste behin Mendebaldeko Saharari».

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUko talde politikoetako ordezkariak ere egon dira.

Joan zen ostiralean jakin zen Espainiako Gobernuak Rabati adierazi ziola Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea dela gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena». Sahararren erabakitzeko eskubideari uko egin izanak protesta oldea eragin du.

Sahara aske mezua zuten kartelak erakutsi dituzte, eta Sanchezen argazkiak, buruz behera.

Sahararren Euskal Herriko hainbat erakundek antolatu dute protesta. Agiri baten bidez, salatu egin dute Espainiak «okupatzaile marokoarrari legez kanpo emaniko sostenguarekin» are gehiago zaildu duela Nazio Batuen Erakundearen bake prozesua, «lehentasuna zuzenean negoziatzea denean, Marokoren eta Fronte Polisarioaren artean». Autodeterminazio eskubidea gauzatzea da euren helburu bakarra, gaineratu dutenez.

Iruñean, bihar dira biltzekoak, 19:30ean, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean, Merindadeen Plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.