Tenisa

25 urterekin tenisa utzi du Ashleigh Bartyk, munduko zerrendako lehenak

Pozik agertu da egin duen ibilbidearekin, eta nabarmendu du «dena» emanda utziko duela tenisa.Urtarrilean Australiako Irekia irabazi zuen. Albisteak ezustean harrapatu ditu zaleak.

Nagore Arin.
2022ko martxoaren 23a
10:14
Entzun

Inork espero ez zuena iragarri du Ashleigh Barty Australiako tenis jokalari arrakastatsuak: tenisa utziko du, 25 urterekin. WTA sailkapeneko lehena da, eta, adinagatik bezainbeste, horregatik ere sortu du harridura bere erabakiak. «Egun zaila eta zirraragarria da niretzat: tenisetik erretiratu naizela iragarri dut», adierazi du kirolariak bere Instagramen kontuan. Australiako Irekian lehen postuan gelditu ondoren eman du erabakiaren berri.

Erretiroaren albistearekin batera, esker mezuak ere zabaldu ditu tenis jokalariak. Casey Dellacqua lagun eta tenis jokalariarekin batera ageri den bideo bat partekatu du sareetan, eta, ibilbide profesionalean izan dituen bidelagun guztiak ez ezik, kirola bera ere izan du mintzagai Bartyk. «Zinez eskertuta» agertu da tenisean aritzeak eman dion «guztiagatik».

Erabaki hori hartu izanaren arrazoiei so, bat nabarmendu du Australiako kirolariak: «Jada ez dut maila gorenean egotera iristeko behar den motibazio fisikorik eta desio emozionalik». Hala ere, gaineratu du ez dagoela triste, pozarren dagoela, eta «dena» eman ostean utziko duela tenisa: «Niretzat, arrakasta da jakitea dena eman dudala, ahal dudan guztia. Pozik nago, eta badakit zenbat lan egin behar den norberaren onena ateratzeko».

Hiru Grand Slamtitulu

Ez da eskasa Ashleigh Barty tenis jokalariak lortu duena. WTA sailkapenean lehena izan da bi urtez baino gehiagoz, etaGrand Slam kategoriako hiru titulu ere irabaziak ditu: Roland Garros lehiaketa irabazi zuen 2019an, Wimbledon sariketa 2021ean, eta Australiako Irekian lehena izan da aurten.

Zaleek ez ezik, tenisaren munduak ere ezustean hartu du Bartyren iragarpena. Horrela mintzatu dira, adibidez, WTA sailkapen zerrendaren Twitterreko kontu ofizialean: «Eskerrik asko kirolaren enbaxadore bikaina izateagatik. Zure falta sumatuko dugu, Ash».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.