Hizkuntza eskubideak

Osakidetzako profesionalen %52,8k dute egiaztatua euskara maila

Kopurua duela bederatzi urte halako bi dela jakinarazi du erakundeak. Euskara plan berriaren barruan, 'Osasun Karpeta' deritzon tresna bat jarriko dute martxan, pazienteek arta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraz dezaten. Egun, %20k daukate euskara lehentasunezko hizkuntzatzat.

Euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa adierazten duen seinale bat, osasun zentro batean. JON URBE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 23a
11:48
Entzun

Plantillaren erdiak pasatxok bere lanpostuari dagokion euskara maila egiaztatuta daukala jakinarazi du Osakidetzak. %52,8 dira baldintza hori betetzen duten langileak: duela bederatzi urte halako bi. Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren xehetasunak ohar batean ematearekin batera zabaldu dute datua. Osakidetzako administrazio kontseiluak berriki onartu du plana, eta 2028ra arte iraungo du. Osakidetzan euskara normalizatzeko 2003an hasitako prozesuari jarraipena eman nahi diote modu horretan.

Plan berriaren helburu nagusietako bat da «Euskadiko herritar guztiek adieraztea zer hizkuntzatan jardun nahi duten harremanetan Osakidetzan», oharrean azaldu dutenez. Horretarako, Osasun Karpeta deritzon tresna hedatu nahi dute. Karpeta horretan jasota geratuko da herritar bakoitzak zer hizkuntzatan jaso nahi duen arta. Osakidetzak jakinarazi du egun pazienteen %70ek baino gehiagok —1,6 milioi pertsonak— dutela adierazia. Hala ere, planaren amaierarako kopuru hori handitu nahi dutela nabarmendu du: «Ahalegina egingo da erabiltzaile guztiek Osakidetzarekin harremanetan egoteko hizkuntzaren erregistroa egina izan dezaten». Egun, arreta euskaraz jaso nahi dutela zehaztua dutenak %20 inguru dira, Osakidetzaren esanetan.

Ikusi gehiago:ELAk hamabost urtean euskaldunduta nahi du administrazio publikoa

Herritarrek hizkuntzari dagokionez zer lehentasun dituzten jakiteak modua emango dio Osakidetzari «asistentzia mailetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala» antolatu ahal izateko, nabarmendu duenez, izan lehen mailako arretan, arreta espezializatuan nahiz buru osasunean. Euskara lehentasunezkotzat jotzen duten pazienteen kasuan, euren identifikazio elementuetan hala adieraziko dela zehaztu du Osakidetzak. Seinale urdinak e letra izango du alboan, horiei dagokienez.

Elebiduntzeko konpromisoa

«Plantilla elebiduna areagotzeko prozesuarekin jarraitzea» ere badu xede euskara plan berriak, Osakidetzaren arabera. Profesionalek euskara ikasten eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa agertu du. Horretarako mekanismoa, orain arteko moduan, euskalduntzen laguntzeko sistema izango da. Haren bidez, aurreko planean 15.087 langilek jaso zuten formazioa, Osakidetzak jakinarazi duenez.

Halaber, aplikazio informazioak «osorik euskaraz garatzeko» konpromisoa ere jaso du planean erakundeak. Azaldu duenez, «informazio sistema nagusiak euskaraz erabat egokitzeak» modua emango du «pazienteei arreta euskaraz ematen dieten eremu kliniko-asistentzialeko profesionalek historia klinikoaren erabilera hedakorra egin ahal izateko», baita «haien ebolutiboak euskaraz idazteko eta dokumentazioa hizkuntza horretan emateko» ere.

Ikusi gehiago:Behatokiaren arabera, «betikotzen» ari da hizkuntza eskubideen urraketa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.