Mendebaldeko Sahara

Albaresek esan du Espainiak «eragile» bilakatu nahi duela Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean

Espainiako Atzerri ministroak bere gobernuaren jarrera aldaketa defendatu du Diputatuen Kongresuan. Sanchezek ez du ezer argitu; datorren asteazkenean da auziaz aritzekoa ganberan.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa, Diputatuen Kongresuan, gaur. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
ander perez zala
2022ko martxoaren 23a
13:06
Entzun

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroaren arabera, bere gobernuaren jarrera aldaketak helburu bat du: «behatzaile» izateari utzi, eta «eragile» bihurtzea Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean. Albaresek jokabide hori defendatu du Diputatuen Kongresuan egindako kontrol saioan, eta adierazi du ez dagoela «ezer berririk» Madrilen kolonia ohiarekiko iritzi moldaketan, NBE Nazio Batuen Erakundearen «esparruan kokatzen baita».

Espainiak «urte gehiegi pasatu ditu behatzaile» izaten eta «ezer egin gabe» NBEren mandataria «babesteko» —Staffan de Mistura da egungo karguduna—, Albaresek esan duenez; zehazki, Espainiako Atzerri ministroak uste du bere herrialdeak orain arte «ez-jarrera bat» izan duela Mendebaldeko Sahararen auzian, eta horrek justifikatzen duela jarrera aldaketa.

Iragan ostiralean, Marokoko Errege Etxeak argitara atera zuen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak bidalitako eskutitz baten edukia. Horretan, Sanchezek Mohamed VI.a erregeari adierazi dio, hain zuzen, 2007an proposatu zuen autonomia plana babesten duela Mendebaldeko Sahararentzat, hori delakoan gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena»; agintariak gaineratu zuen Espainiak «lagun eta aliatu batek merezi duen bezala» tratatuko duela Maroko.

Erabakiak kritika handiak eragin ditu, Espainiak orain arteko jarrera aldatu baitu. Gainera, Sanchezek ez zion horren berri eman Unidas Podemos koaliziokideari, ezta Aljeriari ere, Mendebaldeko Sahararen nazioarteko aliaturik garrantzitsuenari; Espainian ere erreakzio soka luzea sortu du oposizioko alderdien artean.

Horietako batzuek gaurko Diputatuen Kongresuko saioan helarazi dizkiote kritikak gobernuari; besteak beste, PP Alderdi Popularrak eta ERC Esquerra Republicanak. Horiei, berriz, Albaresek zehaztasun handirik gabe erantzun die, eta adierazi du jarrera aldaketa «gatazka berriz igerian ezartzeari» begirakoa izan dela; hori egin ezean, «beste 46 urte iraungo» zuelako.

Espainiako Atzerri ministroak ez du argitu bere gobernuak zer irabazi nahi duen bere iritzi moldaketarekin, auzia ez baita «horri buruzkoa»; Albaresentzat, helburua da gatazka «NBEren esparruan konpontzea» eta irtenbidea «politikoa eta elkarrentzat onargarria» izatea.

Kongresuko kontrol saioaren ondoren, arratsaldean, Espainiako Atzerri ministroa ganberako Atzerriko Aferen Batzordean mintzatu da, eta jakinarazi du apirilaren 1ean Marokora joango dela Naser Burita bere homologoarekin batzartzera. Bi ministroek landuko dituzten auzien artean egongo dira Sanchezen bisita eta Marokoren eta Espainiaren arteko «konexioen normalizazio osoa»; tartean, itsaso bidezkoak eta Paso del Estrecho operazioa —opor garaietan Europatik Afrika iparraldera doazen milaka lagunen etorrera koordinatzen dute—.

Albaresez gain, Espainiako gobernuburua ere aritu da Mendebaldeko Sahararen auziaz, goizean, Diputatuen Kongresuan, baina hark ere ez du ezer argitu, eta esan du datorren asteazkenean ganberan egitekoa den agerraldian arituko dela jarrera aldaketaz: «Saharaz hitz egiteko aukera izango dugu hil honetako datorren 30ean. Luze eta zabal».

Hori bai, gero Ceutan izan da, eta Sanchezi gai berberaz galdetu diote. Momentu horretan erantzun landuagoa bat eman du, baina nahiago izan du arreta Marokon jarri: «Harreman askoz ere sendoago eta indartsuago baten oinarriak finkatu ditugu Marokoko erreinuarekin. Bi herrialdeen lurralde osotasuna eta elkarrekiko errespetua du oinarri».

Adierazpen horiekin, Espainiako gobernuburuak amaitutzat jo du bere herrialdeak eta Marokok zuten krisi diplomatikoa; 11 hilabete inguru iraun du, iazko apirilean Espainiak SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente Brahim Ghali hartu zuenean hasi baitzen —COVID-19 kasu larri baten eraginez ospitaleratu behar izan zuten—.

Aspaldidaniko egoerarik txarrenean

Mendebaldeko Saharako auziaren egoera aspaldidaniko txarrena da: 2020ko azaroan, Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuten su etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki zuen. Gerora, iazko abuztu amaieran, Aljeriak amaitu egin zituen Marokorekiko harremanak.

Fronte Polisarioak autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko egindako promesa bete dezala exijitzen dio Minurso NBEren misioari; Minurso 1991n eratu zuten, helburu horrekin eta su etena zaintzeko egitekoarekin. Maroko beti agertu da balizko galdeketa horren aurka, eta autonomia proposamenarekin erantzun du.

Herenegun, Stephane Dujarric NBEren bozeramailea kritiko agertu zen Espainiaren jarrera aldaketarekin, eta alde guztiei eskatu zien De Mistura «babes» dezatela gatazkari irtenbide bat aurkitzeko ahaleginetan. «Gatazka NBEren arauen pean konpondu beharra dago», esan zuen Dujarricek.

Egun berean, Fronte Polisarioaren abokatu Gilles Deversek jakinarazi zuen zera aztertzen ari direla: Sanchezen auzipetzea eskatzea Nazioarteko Zigor Auzitegian, «gerra krimenen konplize» delakoan. «Mendebaldeko Sahararen estatusa nazioarteko zuzenbideko auzia bat da, eta deitoragarria da Sanchez sozialista ikustea [AEBetako presidente ohi Donald] Trumpen jarrerekin lerrokatzen lurralde baten subiranotasunean». Trump estatuburu zela, AEBek Mendebaldeko Sahararen subiranotasuna onartu zioten Marokori, 2020ko abenduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.