Energia

Sei proposamen argindarra merkatzeko

Europako Batzordeak argindarraren prezioa txikitzeko sei aukera aurkeztu dizkie EBko kideei, bihar hasiko den goi bileran erabaki dezaten.

Argindar dorreak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 23a
13:42
Entzun

Energiaren prezioa merkatzeko zer egingo duten erabaki behar dute bihar eta etzi artean Europako Batasuneko buruzagiek. Ukrainako gerrak okertu egin du iazko udatik zetorren arazoa, argindar, gas eta petrolioaren garestitzea, eta arazoak sortzen ari da nonahi: garraiolariak protestan ari dira gasolio garestiak galerak ekartzen dizkielako, industria astuna lana geratzen ari da argindar kostu handiengatik, eta herritarrak estutzen ari dira, energiaren faktura ez ezik gainontzekoak ere loditzen ari direlako. Eurostaten datuen arabera, gas naturalaren prezioa %65 garestitu da azken urtean, eta argindarrarena, berriz, %30.

Hala, Europako Batasunak heldu egin beharko dio azken hilabeteetan ukitu nahi izan ez duen arlo bati: argindar merkatuetan esku hartu beharko du. Ez da gustuko lana, batez ere EBko iparraldeko herrialdeetan, oraingo sistemak berriztagarriekiko urratsa bizkortu duela esaten dutelako, eta hori antzematen da Europako Batzordeak egindako proposamenetan, guztietan nabarmendu baitu kalteak eta kostuak eragingo dituztela.

Europar Kontseiluan bildutako estatuburu eta gobernuburuei zenbait aukera eman dizkie Europako Batzordeak.

1. Kontsumitzaileei zuzenean laguntzea. Europako Batzordeak gogorarazi du araudi berriekin zilegi dela argindarraren gaineko zergak jaistea eta argindarra erosteko laguntza zuzenak ematea argindar kontsumo handia dutenei. Horretaz gain, «batez ere pobreak eta zaurgarriak» babesteko, Bruselak uste du estatu kideek haien kontrolpeko bitartekari batzuk sortzea; haiek arduratuko lirateke ekoizleei argindarra ahalik eta merkeen erosteaz, eta «zenbait kontsumitzaileri» merkatu azpiko prezioetan saltzeaz. Sistema horren alde ona izango litzateke estatu kideen esku legokeela zer talderi lagundu nahi dioten. Arrisku batzuk ere ikusten dizkio: merkatuetan lehia txikituko litzatekeela eta kontsumitzaile asko babestuz gero haiek ez luketela izango kontsumoa jaisteko pizgarririk.

2. Laguntzak ekoizleei. Erregai fosilak erabiltzen dituzten zentral elektrikoen gastuen zati bat diru publikoarekin ordainduko litzateke, hartara enpresa horiek argindar merkeagoa eskaini ahal izateko kontsumitzaileei. Eragozpenen artean, Bruselak uste du estatu batzuetan soilik indarrean jarriz gero mugaz gaindiko salerosketak alda ditzakeela eta eskasia sor dezakeela laguntzarik ematen ez duten estatuetan —batzuk, EBtik kanpokoak—. Gainera, erregai fosilen erabilera txikitzeko pizgarri bat kenduko luke.

3. Argindarraren prezioari muga bat jartzea. Kasu horretan, estatuek laguntzak eman beharko lizkiekete gehienezko prezio horretatik gora ekoizten duten zentralei, ikatza eta gasa erretzen dituztenei nagusiki. EBk ohartarazi du araudi oso zorrotzak jarri beharko liratekeela, mugatik behera argindarra ekoizten dutenek ez dezaten beren produkzioa garesti eskaini. Ekoizleei laguntzak emateak dakartzan arriskuak ekar ditzake neurri horrek ere, eta oso neurri garestia izan daiteke diruz estu dabiltzan estatu kideentzat.

4. Zerutik eroritako irabaziak mugatzea. Egungo sistema marjinalistarekin, erregai fosilak erabiltzen dituzten zentralek finkatzen dute argindarraren prezioa, eta etekin izugarriak (zerutik eroritako irabaziak) ematen dizkiete halako kostu handiak ez dituzten zentralei (eolikoak, fotovoltaikoak, nuklearrak eta hidroelektrikoak). Azken horien irabaziak gutxitze aldera, Bruselak proposatu du erreferentziazko prezio bat ezartzea, eta hortik gorakoa kobratzea ekoizleei. Sistema horren arazoa da ez dituela berez kontsumitzaileek ordaintzen dituzten prezioak txikitzen, baina estatuek lortutako dirua erabil liteke haien faktura txikitzeko, dela fakturatik kargu batzuk kentzeko, dela bonuen bitartez.

5. Gasari gehienezko prezio bat jartzea. Gas garestiaren ondorioa da, hein handi batean, argindar garestia. Horregatik, beste aukera bat da EB osoan gehienezko prezio bat jartzea gasari. Horrekin, merkatuaren gorabeherak gutxituko lirateke —gaur hamar dolar igo da, 98tik 108ra— eta argindarra merkatu, baina Batzordeak hainbat eragozpen ikusten ditu: gehienezko prezio txikiegia jarriz gero, gasa beste kontinente batzuetara joango da, eta ez Europara, eta Europako ekoizleak beraiek bultza ditzake beste merkatuetara.

6. EBk gas erosketak batera negoziatzea. Luzera begirako kontratuak negoziatuko lituzke EBk bere gas hornitzaileekin. Negoziazio horietan hidrogeno hornidura bermatzea ere proposatu du Bruselak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.