Esnegintza

«Egoera dramatikoa da»

Hogei abeltzain inguruk protesta egin dute Iruñeko Baluarten. Esnea bota dute. Salatu dute pentsua eta erregaiak garestitzen ari diren honetan esne litroa kostuen azpitik saltzen ari direla eta aurki egoera «jasanezina» izango dela.

Abeltzainen protesta Iruñeko Baluarten. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2022ko martxoaren 23a
14:21
Entzun

«Hau da gure oraina, hau da gure etorkizuna». Iruñeko Baluarte aurrean, Ultzamako, Larraun ibarreko eta Baztango hogei abeltzain inguru elkartu dira, eta esnea bota dute. «Muturreko egoera batean gaude. Ez dugu nahi hona etorri eta esnea bota, baina egoera dramatikoa da. Mobilizazio hauek egiten ditugu, etsituta, jendeak egin beharko ez lituzkeen gauzak egin baino lehen», adierazi du Oier Villanueva abeltzain ultzamarrak.

EHNE sindikatuaren laguntza izan dute arren, abeltzainak euren izenean joan dira, bere errealitatearen berri ematera. Villanuevaren arabera, gaur egun, esne litroa 36 zentimo inguruan saltzen da, eta, egoera normal batean prezioa ondo legokeen arren, honako hau ez da egoera normala, Azken urtebetean erregaiak eta animalientzako pentsuak garestitu egin dira etengabe. Ukrainako gerrak egoera okertu du, animaliei jatera zerealak eman ohi zaizkielako eta prezioek gorantz egiten dutelako. Hala, Villanuevaren arabera, oraintxe, esne litroaren kostua 40 zentimo da.

Haatik, datorren hilabeterako, kostuak beste %25 garestituko direla espero dute, esne litroko bost zentimo inguru. Hala, Villanuevak aldarrikatu du esne litroko gutxienez 45 zentimo saldu beharko luketela, euren produktuari eta atzean dagoen lanari balioa emateko.

Ikusi gehiago:Europako Batzordeak argindarraren prezioa txikitzeko sei aukera aurkeztu dizkie EBko kideei

Baluarten egin duten protesta, Caixabankek lehen sektoreari begirako jardunaldiak antolatu dituelako. Villanuevaren hitzetan, administrazioari, esne industriari eta, batik bat, banaketa sektoreari helarazi nahi izan diote «egoera larria» dela. «Ez dugu diru laguntzarik nahi, ez dugu laguntzetatik bizi nahi. Guk eskatzen dugu gure produktuak prezio egoki bat izatea». Gogora ekarri du supermerkatuetan marka zuriko esnea 69 zentimo inguruan saltzen dela, eta gogora ekarri du sektoreak duintasunez aritzeko gutxienez 80 zentimotik gorako prezioak behar dituela: «Bestela industria eta abeltzainak itoko dira».

Abeltzainak gogora ekarri du datorren krisia larri dela, baina guztien artean aurre egin behar zaiola. Banaketa enpresa handiei eskatu die «esfortzu bat» egiteko, egoerak bere horretan jarraituz gero egoera jasanezina izango delako. «Esnea supermerkatuetan apur bat igota, guretzat asko da. Edozein produktu euro bat igo daiteke, eta 10-15 zentimo igotzeak asko esan nahi du guretzat, industriarentzat eta guztiontzat».

Azken hamarkadan, gainbehera betean da esne sektorea Nafarroan. 2009an, 276 ustiategi zeuden, eta iaz, erdia: 141. Tantaka, egoera areagotu egingo dela dio Villanuevak, askok behi kopurua murrizteko edo horiek erretiratzeko asmoa azaldu dutelako, kostuak igo egin zaizkiela ikusita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.