Gerra Ukrainan

NATOk ekialdeko defentsak indartuko ditu, eta Ukrainari babes ekipamenduak bidaliko dizkio

Aliantza militarreko agintariek defentsarako inbertsioa handitzea eta azkartzea adostu dute. Zelenskik «mugarik gabeko laguntza» eskatu die, baina ez du halakorik jaso.  

NATOko herrialde aliatuetako 30 agintariak Bruselan, gaur, goi bileraren aurretik. STEPHANIE LECOCQ / EFE
ander perez zala
2022ko martxoaren 24a
12:39
Entzun

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen ezohiko goi bilerak bi helburu zituen: batetik, 30 herrialde aliatuen batasuna islatzea Errusiaren Ukrainako inbasioaren aurrean, eta, aldi berean, Ukrainarentzako laguntza militarra handitzea eta indartzea. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiaren agerraldia entzun ostean, badirudi Mendebaldearen aliantza militarreko estatu kideek garrantzi handiagoa eman diotela lehen xedeari bigarrenari baino. Europako «segurtasun ingurumena» aldatu dela argudiatuta, Stoltenbergek behin eta berriz esan du NATOk «egoera berrira» egokitu behar duela, eta, horretarako, haren eremuaren ekialdeko defentsak indartzea erabaki dute. Ukrainari, berriz, laguntza militarra handituko diote, batez ere eraso kimiko, nuklear eta biologiko posibleen aurka defendatzeko.

Aliantzaren idazkari nagusiak ordu laurden inguruko prentsaurreko bat eman du, eta denbora gehiago pasatu du NATOz hitz egiten Ukrainaz baino. Goi bilkuraren hasieran, bideo dei bidez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak «mugarik gabeko laguntza» eskatu die Mendebaldeko aliatuei, baina Stoltenbergek argi utzi du ez dela halakorik gertatuko. Zelenski hegazkinen beharraz ere aritu da, eta NATOko idazkari nagusiak behin eta berriz esan du «nabarmen handituko» dutela herrialde horri eman dioten «babesa», baina xehetasun handirik eman gabe. Kazetariek behin eta berriz horretaz galdetu dioten arren.

Bezperan iragarritako neurriari oniritzia eman diotela ere jakinarazi du Stoltenbergek: beste lau batailoi zabalduko dituzte Eslovakian, Hungarian, Errumanian eta Bulgarian; horren bitartez, NATOk bere presentzia are gehiago handituko du «Itsaso Baltikotik Itsaso Beltzera».

Defentsarako inbertsioa azkartzean ere ados jarri dira estatu kideak, eta ekain amaieran Madrilen egitekoak diren goi bileran aurkeztu beharko dituzte horri buruzko plan berriak; hau da, noizko eta nola bideratuko duten barne produktu gordinaren %2 defentsara.

«Errusiaren ekintzak ikusita, NATOren defentsa planak aktibatu ditugu, NATOren Erantzun Indarreko elementuak hedatu ditugu, eta 40.000 tropa jarri ditugu gure ekialdeko alboan, aireko eta itsaso bidezko baliabideekin batera», NATOko idazkari nagusiak azaldu duenez. Beste modu batera esanda, Mendebaldearen aliantza militarrak «atzera eragite eta defentsa» neurriak eta politikak birmoldatuko ditu.

Ikusi gehiago:NATOk bikoiztu egingo dio laguntza militarra Ukrainari

Oraingoz, Stoltenbergen arabera, tropa gehiago hedatuko dituzte; aireko defentsa hobetuko dute, eta hegazkin gehiago bideratuko dituzte; eta borrokarako itsasontzi gehiago prestatuko dituzte Errusiaren «mehatxuari» aurre egiteko. Horretarako argudioa zera baita: «Errealitate estrategikoa larriagoa» dela. Halere, NATOren idazkari nagusiak esan du bere aliantzaren ekintzak «badaezpadakoak eta proportziozkoak» direla, eta ez dutela handitzen egun Europan dagoen tentsioa. Horien xehetasunen berri ere Madrilgo goi bileran emango dute, horretarako baliatuko baitute topaketa hori.

Ukrainaz, berriz, Stoltenbergek azaldu du eraso biologiko, nuklear eta kimiko posibleen kontra defendatzeko ekipamendua bidaliko dutela herrialde horretara. NATOko idazkari nagusia Errusiaren eraso kimiko edo nuklear baten mamua uxatzen aritu da egunotan, baina, ohartarazpen hori zertan oinarritzen den galdetu diotenean, ez du erantzun landurik eman. «Mota horretako armamentua erabiltzen badute Ukrainan, bada aukerarik gure estatu kideetara zabaltzeko», esan du agintariak.

Hori bai, aliatuek beste aukera bat ere izan dute hizpide: Zelenskiri hark eskaturiko hegazkinak eman beharrean, aireko defentsa sistemak bidaltzea. Joe Biden AEBetako presidenteak eman du ideia horren berri NATOren bilkuraren ostean, eta G7ko herrialdeetako agintariekin bildu aurretik.

Stoltenberg, beste urtebeterako

NATOko aliatuek idazkari nagusi karguari buruzko erabaki bat ere hartu dute. Stoltenbergen agintaldia urriaren 1ean amaitzekoa zen, eta hark jada onartu zuen abendutik aurrera Norvegiako Banku Zentraleko buru izateko izendapen eskaintza; estatu kideek, baina aho batez onartu dute haren legealdia urtebete luzatzea, datorren urteko irailaren 30era arte.

Gerrako beste aldeak ere, Errusiak, adierazpenak egin ditu gaur Ukrainan gertatzen ari denaz; zehazki, Mendebaldearen aliantza militarraz mintzatu da gobernuaren bozeramaile Dmitri Peskov. Haren iritziz, NATOko «herrialde gehienek Ukrainan gertatzen ari denari buruzko ezagutza histerikoa eta desegokia» dute.

Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxuk ere aritu da inbasioaz, eta goizean egindako agerraldian jakinarazi du beste zazpi korridore humanitario adostu dituztela zibilak ebakuatzeko; hori bai, Verextxukek zehaztu du ezin izan dutela bide horien segurtasuna bermatu. Herritar batzuek, hortaz, bermerik gabe erabili dituzte korridore horiek. Gehienak emakumeak eta haurrak dira, gobernuak esan baitzuen gizonek borrokarako prest egon behar dutela.

Hain justu, haurrez datu kezkagarri bat helarazi du gaur Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak. Erakunde horren arabera, Ukrainako haurren erdiak baino gehiago desplazatuta daude; zehazki, 4,3 milioi dira etxetik ihes egin behar izan dutenak. Eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren azken datuen arabera, denera ia 3,7 milioi herritarrek egin dute ihes inguruko herrialdeetara; gehienek, Poloniara, horietako 2,1 milioi hartu baititu.

Horiek horrela, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 1.035 zibil hil dituzte duela hilabete Errusiaren Ukrainako inbasioa hasi zenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.