Energien garestitzea

CAFeko langileak «kezkatuta» daude, geldialdia igaro ondoren gerta daitekeenarekin

«Neurriz kanpokotzat» jo du Beasaingo eta Irungo plantetako produkzioa eteteko erabakia.

CAFen enpresako batzorde kideak, ostegun honetan Beasainen egindako prentsaurrekoan. BERRIA
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 24a
13:18
Entzun

CAFeko langile batzordeak «neurriz kanpokotzat» jo du Beasaingo eta Irungo (Gipuzkoa) lantegietako jarduera «ia osoa» etetea, eta kezka agertu du bost egun barru, geldialdia amaitzean zer gerta daitekeen.

Beasainen egindako prentsaurreko batean langileen ordezkariek azaldu dute lanuzteak asteazkenean hasi zirela eta martxoaren 29ra arte daudela aurreikusita, eta langile gehien-gehienei eragingo dietela —1.411 dira bi plantetan—, lan jakin batzuetan dabiltzan gutxi batzuei izan ezik. Energien garestitzeagatik eta garraiolarien grebak eragindako hornikuntza arazoengatik eten dute produkzioa.

«Ez dugu ukatzen material faltak CAFi ere eragiten diola, baina salatu egiten dugu neurrien neurrigabekeria, modu proportzionalagoan konpon zitekeen konplikazio baten aurrean», azaldu du langileen batzordeak. Sindikatuen ustez, «nahikoa» izango litzateke materialik ezak eragindako lanetan jarduera etetea, eta ez produkzio osoan. Salatu du zuzendaritzak «arazoa handiagotu» nahi izan duela erabaki horrekin, eta «egoeraren pisua langileen gain utzi».

Ohartarazi du lanera itzultzeko egutegia ere «inposatu» nahi duela zuzendaritzak, eta kezka agertu du hurrengo asteetan zer gerta daitekeen oro har eta CAFeko langileekin eta azpikontratakoekin ere. «Behin eta berriz eskatu diogu zuzendaritzari egoera horrek pertsona horiengan duen eraginari buruzko informazioa, eta ez digute ezer erantzun».

Era berean, salatu dute langileek presioak jaso dituztela zuzendaritzak hartutako erabakiarekin bat egin zezaten, eta jakinarazpenik jaso ez duten beharginak euren lanpostura joan direnean «ugazaben piketeekin» topo egin dutela.

Atzo bildu ziren langileen batzordea eta zuzendaritza, baina ez zuten ezer adostu. «Guk langileen interesak defendatzen segituko dugu, ditugun medio guztiekin, eta horrela eta bide legaletik jarraitzea bakarrik ez zaigu geratzen», azaldu dute sindikatuek.

Mercedesen ere bai

Bestalde, Gasteizko Mercedesen lantegian —5.000 langile inguru—, berriz, datorren astelehenean jarduera etengo dute berriro, horniketa arazoengatik, zuzendaritzak jakinarazi duenez. Aste honetan ere astelehenean gelditu zuen produkzioa, eta aurreko bi asteetan beste bi egunetan. Pieza faltagatik, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente (ABEE) berria aurkeztu zuen enpresak; ekainaren 30era arte 30 egunetan eten dezake jarduera.

Atzo, Bergarako (Gipuzkoa) Arcelor Mittalen gelditu zuten produkzioa. Adegi Gipuzkoako patronalak ohartarazi du lurraldeko enpresen %22k jarduera geratu beharko dutela egun gutxi barru, garraiolarien greba amaitu ezean. Lanuztea ABEEak aurkezteko arrazoi izateko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.