Salatu dute zahar etxeen pribatizazioak kalte egiten diola zaintza lanen kalitateari

Protesta egin dute Nafarroako osoko hitzarmena eskatzeko, eta patronalaren «blokeoa» salatzeko. Gipuzkoan 258 egun daramatzate greban.

Zahar etxeetako langileen elkarretaratzea, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko martxoaren 24a
14:46
Entzun

Nafarroako zahar etxeetako langileen laugarren greba eguna da gaur, eta nabarmendu dute patronalaren «blokeoaren»aurrean Nafarroa osorako hitzarmenaren alde borrokan jarraituko dutela. LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek deitua, elkarretaratzea egin dute Lares federazioaren atarian –patronalaren egoitzetako bat da hori–. «Enpresen interesak gauza guztien gainetik jartzeak kalte egiten die langileen lan baldintzei eta erabiltzaileenganako arretari», salatu du Gaztelu Garralda LAB sindikatuko kideak. Izai Bujanda ELA sindikatuko kideak bat egin du salaketa horrekin: «Patronalek soilik etekin ekonomikoa atera nahi dute; sektorea negozio esparru gisa dute».

Langileak 70 egoitzatan baino gehiagotan sakabanatuta daude, eta hitzarmenak 4.500 langileren baino gehiagoren lan baldintzei eragingo die. Zahar etxe publikoak, doakoak eta unibertsalak exijitzen dituzte. Horrez gain, eskatzen dute, hala nola kalitatezko kontratazioak izatea, soldata duinak bermatzera, ratioak handitzea. Baita aldi baterako kontratuak eta kontratu partzialak baztertzea.

Zazpi minutuko ratioak dituztela salatu dute langileak; hau da, zazpi minutu dituzte erabiltzaile bakoitzarekin egoteko. Ana Rey zahar etxe bateko langileak adierazi du baldintza horiek erabiltzaileen kalterako direla: «Langileak gara, eta pertsonekin lan egiten dugu; ezin da zenbatu zenbat denbora egon behar garen pertsona bakoitzarekin». Horrez gain, hitzarmena denen onurarako izango dela esan du: «Bizi dugun prekaritateak zuzenean eragiten die erabiltzaileei; hortaz, gure lana duintzen dugunean, haiekiko arreta duintzen ari gara».

Martxoaren 17an bildu ziren azkeneko aldiz patronalarekin, Garraldak adierazi du borrokan jarraituko dutela: «Patronalak boikotarekin jarraitzen du negoziazioan, lan baldintzak hobetzeari uko egiten dio». Hortaz, mobilizazioekin jarraituko dute. Iruñeko tren geltoki zaharretik abiatuko dute manifestazioa, gaur, 18:00etan. Martxoaren 31n greba eginen dute, eta apirilaren 7an, berriz, patronalarekin bilduko dira.

Gipuzkoan ere, irmo

258 egun daramatzate greban Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, eta elkarretaratzea egin dute gaur Lan Harremanen Kontseiluan. Gipuzkoako Aldundiak eta zahar etxeetako langileek patronalarekin biltzeko eskaria erregistratu dute, gaur, negoziazioekin jarraitzeko. ELA sindikatuak salatu du egoera «gero eta larriagoa» dela: «Pandemiak are gehiago larriagotu ditu langileek lehendik ere pairatzen zituzten egiturazko arazoak, eta lan baldintzak are prekarioagoak dira, langile gutxiago daudelako eta ratioak eta lan karga jasangaitzak direlako».

Sindikatuak salatu du gutxieneko zerbitzuak ezartzen jarraitzen dutela, eta «onartezina» dela. Argudiatu dute greba eskubidea «urratzen» duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.