Pentsioak

LAB enpleguko pentsio funtsetako zuzendaritzetatik aterako da

Argudiatu du funts horiek (BGAE) ez dutela jatorrian zituzten helburuak bete, eta pentsio sistema publikoa ahultzen ari direla uste du. Bi langiletik bat dago horrelako funts batean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 30 erakunde daude eta 15.000 milioi euro kudeatu zituzten iaz.

Pentsio publikoen aldeko manifestazio bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 25a
11:20
Entzun

LABek bertan behera utziko du BGAE Enpleguko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako (nagusiki Elkarkidetzako, Itzarriko eta Geroako) zuzendaritza organoetan duen partaidetza.

Sindikatuak iragarri duenez, militantziarekin barne eztabaida izan ondoren, ondorioztatu du BGAEak LABek defendatzen duen ereduaren aurkako norabidean garatu direla: uste du pentsio publikoak «ahultzeko» tresna bat bihurtzen ari direla.

Honako arrazoi hauek eman ditu: gogoratu du prestazio horiek ez direla unibertsalak, pentsio plan horiek langileriaren «gutxiengo» bati estaldura ematen diotela; alegia, lan hitzarmen jakin batzuk dituztenei: nagusiki langile publikoei eta industriako batzuei. Eta, beraz, ez direla oinarritzen langileen arteko elkartasunean eta euren arteko desberdintasunak areagotzen dituztela.

Azpimarratu du, halaber, BGAEk ez dutela beren jatorrizko helburua bete: alegia, pentsio sistema osatzea edo osagarri duinak eskaintzea, eta ez dutela balio izan sistema publiko propioa sortzeko urratsak egiteko. Gainera, azpimarratu du langileek eta enpresek jarritako diruarekin osatutako funts horiek egiten dituzten inbertsioek normalean ez dutela «anbiziorik eta gaitasunik» izan bertako sare ekonomikoan «modu estrategikoan» eragiteko.

Horiek hala, LABek erabaki du enpleguko BGAEtako zuzendaritzako organoetatik ateratzea. Erabakia BGAE bakoitzeko batzar orokorretan gauzatuko du.

BGAE eta pentsio plan arrunten arteko aldea da Eusko Legebiltzarrak araututako tresna bat direla aurrenekoak, eta kudeaketa bazkideek egiten dutela. Esaterako, Gipuzkoako metalgintzatik sortutako Geroa BGAEko gobernu batzordean, hamahiruna kide dituzte Adegik eta sindikatuek. Enpresa eta sindikatuen arteko negoziazio kolektiboen menpe daude halako funtsak, eta lan hitzarmenetan jaso behar dira. Gaur egun horietako gehienak berritu gabe edo blokeatuta daude.

Bi langiletik bati eragiten dio

Bi langiletik batek (%51,2) du enpresa plan bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nagusiki sektore publikokoak dira, industriako batzuk, eta Mondragon korporaziokoak. Jaurlaritzak urteak daramatza enpresa eta langile gehiago erakarri nahian —bere helburua da beharginen %70era iristea—, baina sektore jakin batzuei eta enpresa txikiei bereziki kosta egiten zaie halakoak sortzea edo daudenetara batzea. Guztira, enpleguko 30 erakunde daude, eta funts horiek 15.000 milioi euro kudeatu zituzten iaz.

Gizarte aurreikuspeneko funtsak duela 35 urte sortu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Jaurlaritzak bultzatu zituen, Gernikako Estatutuak onartzen zizkion eskumenak hartuta. Baina bilakaera ez da uste zen modukoa izan, bereziki enplegukoekin. Aurreko krisialditik eten bat egon da. 2009koa da azken proiektu esanguratsua: Itzarri, Jaurlaritzako langileentzat. Martxan zeudenek hala jarraitzen dute, baina ez dira berriak agertu, eta zeudenak oso gutxi zabaldu dira.

Horiei beste bultzada bat emateko dekretua prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza. BGAE berriak sortzeko edo daudenei langile eta enpresa gehiago batzeko pizgarri fiskal berriak ematea aztertzen ari da, besteak beste. Espainiako Gobernuak ere bultzatu nahi ditu halako funtsak, eta lege egitasmo bat tramitatzen ari da.Pentsio funts publiko bat sortzea aurreikusten du horrek. Eusko Jaurlaritza ere aztertzen ari da horrelako tresna bat sortzeko aukera, baina horretarako eskumenik ba ote duen ez dago argi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.