Musika

Eliane Elias, Snarky Puppy eta James Brandon Lewis Gasteizko Jazzaldian izango dira

Jaialdiaren 45. aldia uztailaren 13tik 17ra egingo dute.

Eliane Elias piainista eta abeslari brasildarra. BERRIA
mikel lizarralde
2022ko martxoaren 25a
15:07
Entzun

Ohiko formatua berreskuratuta egingo da Gasteizko 45. Jazzaldia, eta antolatzaileek bertan parte hartuko duten artisten lehen izenak iragarri dituzte gaur: Eliane Elias pianista, Snarky Puppy taldea eta James Brandon Lewis saxo jotzailea.

Eliane Elias (Sao Paulo, Brasil, 1960) pianista moldakorra da, baita konpositore eta abeslaria ere, eta jazzik ortodoxoenari, musika klasikoari eta Hego Amerikako herri musikari aurre egiteko gai dela erakutsi du bere ibilbidean. Gasteizen, berriz, Mirror mirror bere azken diskoa aurkeztuko du, Chucho Valdes eta Chick Corearekin grabatu zuena. Diskoa 2022ko Grammy sarietarako izendatuta dago jazz latinoaren atalean, eta Eliasen «amets musikala» izan da, Corearen lana beti aipatu izan baitu erreferentzia gisa.

Snarky Puppy, berriz, Michael League baxu jotzaile eta konpositoreak sortu zuen 2004an, eta, talde jendetsua izanda, urte hauetan guztietan 40 bat musikari igaro dira bertatik. Ipar Amerikako musiketan du oinarria, eta bere proposamenean R&Bak eta funkak egiten dute topo beste musika batzuekin batera. Taldeak album instrumental garaikiderik onenaren Grammy saria eskuratu zuen iaz.

James Brandon Lewis, bere aldetik, jazz garaikideko saxo-tenor jotzaileen artean gehien laudatua bilakatu da denbora gutxian. John Coltranerekin alderatu izan dute, nahiz eta berak iraganari «errespetuz baina modu kritikoan» erreparatzen dion. Bere azkeneko diskoa Molecular (2020) du.

Elias, Snarky Puppy eta Brandon Mendizorrotza kiroldegian ariko dira, Jazzaldiaren gune nagusian, gauez. Bestalde, Principal antzokian ere kontzertuak izango dira arratsaldez. Antolatzaileek jakinarazi dute datozen asteetan geldituko dela programazioa osatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.