Musika

Taylor Hawkins hil da, Foo Fighters taldeko bateria jotzailea

Bogotan kontzertua eman baino ordu batzuk lehenago zendu da. 51 urte zituen.

Hawkins, Foo Fighters taldearen kontzertu batean. TIMM SCHAMBERGER/EFE
aitor biain
2022ko martxoaren 26a
08:55
Entzun

Ezustekoa izan da rock zaleentzat. Taylor Hawkins Foo Fighters taldeko bateria jotzailea hilda agertu da bart, Kolonbian, kontzertua eman baino ordu batzuk lehenago. 51 urte zituen, eta Dave Grohl kidearekin batera, rock taldeko ikurretako bat zen. Taldeak berak eman du albistea, sare sozialetan jarritako mezu batekin: «Foo Fighters familia suntsituta dago gure Taylor maitearen galera tragiko eta betierekoagatik. Haren espiritu musikala eta barre kutsakorra gurekin biziko dira betiko».

Kolonbian, Bogota hiriburutik gertu egiten den Estereo Picnic jaialdian kontzertua ematekoa zen taldea. Atseden hartzen ari zen hotelean aurkitu dute hilda Hawkins. «Heriotzaren arrazoiak argitzeko daude oraindik, baina, gertukoen bertsioen arabera, litekeena da zerikusia izatea estupefazienteen kontsumoarekin», adierazi du Bogotako Poliziak, ohar batean.

Gaueko hamaikak ziren, eta jendea zain zegoen taldea agertokira noiz igoko. Jaialdiaren antolatzaileek, baina, pantailen bitartez jakinarazi dute Foo Fightersek ez zuela joko, «osasun arrazoi oso larriak» zirela eta. Ondoko agertokian hastekoa zen Black Pumas taldearen kontzertua, eta haiek eman diete Hawkisen heriotzaren berri han zain zirenei. Agertokia kandelaz bete dute jarraitzaileek berehala.

Mauricio Dueñas Castañeda/EFE

Foo Fighters 1994an sortu zuen Dave Grohlek, Kurt Cobain hil zen urtean bertan. Nirvana taldeko bateria jotzailea zen Grohl, eta baketak utzi eta gitarrari heldu zion Foo Fighters sortzeko. Hiru urte beranduago batu zen Hawkins taldera –William Goldsmithen lekua hartu zuen–, eta, orduz geroztik, zortzi diskotan hartu du parte. Zuzenekoetan, bateria jotzeaz gain, abestu ere egiten zuen tarteka. 2005ean bere bakarkako proiektua jarri zuen martxan: Taylor Hawkins and the Coattail Riders.

1972an jaio zen Hawkins, Texasen, baina Kalifornian eman zuen haurtzaroa. Garai hartan hasi zen musikaren alorrean lehen urratsak egiten. Bateriaz gain, pianoa eta gitarra jotzen ere ikasi zuen.

Latinoamerikan kontzertu bira egiten ari zen Foo Fighters taldea. Kolonbian jo baino lehen, Mexikon, Txilen eta Argentinan izan ziren. «Gure bihotza haren emaztearengan, seme-alabengan eta familiarengan dago, eta errespeturik handiena eskatzen dugu beren intimitaterako pentsaezinezko garai zail honetan», esan du taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.