Gerra Ukrainan

AEBek laguntza handiagoa hitzeman diote Ukrainari

Biden Zelenskiren Defentsa eta Atzerri ministroekin eta Poloniako presidentearekin bildu da gaur, Varsovian. Adierazi du Putinek ezin duela agintean jarraitu. Errusiak bi misil lehertu ditu Lviven, eta erasoak izan dira Txernobyl inguruan eta Mariupolen.

Joe Biden AEBetako presidetea (erdian) eta Andrej Duda Poloniako presidentea (ezkerrean), gaur, Varsovian. MARCIN OBARA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko martxoaren 26a
16:02
Entzun

Errusiak Ukrainaren kontrako erasoa hasi zuenetik lehenengoz, AEBetako Gobernuak eta Ukrainakoak bilera ofizial bat egin dute aurrez aurre. Varsovian elkartu dira Joe Biden AEBetako presidentea eta Antony Blinken Estatu idazkaria, Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroarekin eta Oleksii Reznikov Defentsa ministroarekin. Etxe Zuriak ohar bidez azaldu duenez, Washingtonek Kievi hitzeman dio handitu egingo duela orain arte arlo militarrean eman dion laguntza, baita laguntza ekonomikoa eta humanitarioa ere.

Kievek eskari zehatzak egin dizkio Washingtoni: gerrarako hegazkinak bidaltzeko eta Ukrainan aire eremu babestua ezartzeko. Baina Bidenek irmo baztertu du aukera hori. Ez dago prest halako neurriak hartzeko, haren esanetan, horrek mundu mailako gerra bat eragingo lukeelako. AEBetako gobernuburuak nabarmendu du pausoak ematen ari dela Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainaren inbasioagatik kontuak eman ditzan, eta zigor ekonomiko gehiago ezarriko dizkiela Errusiako oligarka, politikari eta enpresa batzuei, ostegunean Bruselan iragarri zuenez.

Ukrainako Defentsa eta Atzerri ministroekin bildu ostean, Biden Poloniako presidente Andrzej Dudarekin elkartu da. Dudak adierazi dio Poloniako herritarrek «mehatxu sentsazio izugarria» dutela, arrisku errealtzat baitaukate Errusiak Poloniari ere eraso egitea. Halako egoera batean AEBek esku hartuko luketela ziurtatu du Bidenek. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen kideak babesteko konpromisoa «sakratua» da, haren esanetan. «Zuen askatasuna gurea ere bada», adierazi dio Poloniako estatuburuari.

Dudarekin batzartu ostean, Bidenek Varsoviako estadio nazionala bisitatu du. Errefuxiatuentzako zentro bihurtu dute, Ukrainako gerratik ihes egin dutenak hartzeko. Polonia da Ukrainako errefuxiatu gehien hartu duen herrialdea: 2,17 milioi iheslari. Orotara, 3,8 milioi ukrainarrek utzi dituzte beren etxeak, Errusiak, joan den otsailaren 24an, erasoaldia hasi zuenetik. Bisita horretan, Bidenek Putin «hiltzaile» bat dela ziurtatu du, eta Kremlinek erantzun dio Errusiako estatuburuaren kontrako irain bakoitzak konponbiderako tartea estutzen duela.

Etxe Zuriko agintariak Putinen kontrako diskurtsoa sakondu du arratsaldean, Varsoviako Errege Gazteluko ekitaldi politikoan. «Jainkoarren, gizon horrek ezin du agintean segi», zuzendu zaie Errusiako herritarrei. Ukrainan «aste batzuetan edo hilabete batzuetan» amaituko ez den gerra baterako prestatu beharra dagoela ere ziurtatu du.

Bidenek ostegunean bidaiatu zuen Europara, eta G7arekin, NATOko kideekin eta Europar Kontseiluarekin bildu zen, Bruselan. Ostiralean, AEBetako tropak bisitatu zituen Polonian. Europako aliatuekiko hurbiltasuna irudikatu nahi izan du Etxe Zuriak bidaiarekin. Bidenek ziurtatu du Europaren egonkortasunak «garrantzi erabakigarria» duela AEBentzat.

Kievetik mugitu gabe, bilera sorta egiten ari daVolodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere. Gaurkoan, Dohako Foroan parte hartu du telematikoki. Nazioarteko agintariei ohartarazi die Errusia «mundu osoarentzako arriskua» dela, eta gogorarazi Mosku aste honetan prest agertu dela arma nuklearrak erabiltzeko, baldin eta atzerriko eragileren batek bere «existentzia» mehatxatzen badu. Zelenskik gaineratu du petrolio eta gas ekoizle handiak diren herrialdeek Errusiari presio egiteko neurriak har ditzaketela energia lehengaien ekoizpena handituta, Europari erraztu egingo lioketelako Errusiarekiko menpekotasun energetikotik askatzen. «Estatuek ez lukete aukera izan behar energia gerrarako eta xantaiarako baliabide gisa erabiltzeko».

Ukrainak berak lurrazpiko gas biltegiak eskaini dizkio EB Europako Batasunari. Herman Haluxtxenko Energia ministroaren iritziz, «Ukrainak Europarentzako kide fidagarria izaten segitzen du segurtasun energetikoaren arloan, Errusiaren eskala handiko eraso militarra jasan arren».

Errusiak gerraren «lehen fasea» amaitutzat jo zuen ostiralean, eta iragarri zuen aurrerantzean Donbass osoa kontrolpean hartzea izango duela helburu. Hala ere, erasoak izan dira gaur Ukraina mendebaldeko Lviv hiriaren inguruetan. Lviveko alkateak adierazi du bi misil lehertu direla erregaia pilatzen zuen industriagune batean, eta, azaldu duenez, gutxienez bost lagun zauritu dira. Ukraina iparraldean, berriz, Errusiako tropek Slavutitx herria hartu dute. Bielorrusiako mugatik gertu dagoen herri horretan bizi dira Txernobylgo zentral nuklearreko langileak. Hegoaldeko kostaldean, borrokek ez dute etenik Mariupol hiri barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.