Gerra Ukrainan

Estatus neutrala eta ez-nuklearra onartzeko prest agertu da Zelenski

Zenbait komunikabide independenteri esan die «estatus neutrala eta ez-nuklearra» onartzeko prest dagoela, betiere bake akordio bat erdiesteko bermeak ekarriko balitu. Gaineratu du erreferendum bat egiteko prest dagoela horretarako.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, artxiboko irudi batean. UKRAINIAN PRESIDENTIAL PRESS SER
Nagore Arin.
2022ko martxoaren 28a
10:07
Entzun

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazpen eta titular mamitsuak utzi ditu Errusiako zenbait komunikabide independenteri eskainitako elkarrizketetan. Besteak beste, adierazi du Ukraina prest dagoela estatus neutrala eta ez-nuklearra onartzeko, betiere hori onartzeak Errusiarekin bake akordio bat erdiesteko bermeak ekarriko balitu. «Segurtasun bermeak eta gure estatuaren estatus neutrala eta ez-nuklearra; hori onartzeko prest gaude» azaldu du.

Hala ere, nabarmendu du gaur-gaurkoz formarik ez duen bake akordio hori beste herrialde batzuek ikuskatu beharko luketela, eta Ukrainako herritar guztiek ere horren inguruan erabakitzeko aukera izan beharko luketela. Horri lotuta, esan du erreferendum bat egiteko prest dagoela.

Beste negoziazio txanda bat

Turkiaren, Errusiaren eta Ukrainaren arteko bilera sortei burutz ere hitz egin du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak: «Beste negoziazio txanda baten zain gaude». Bakearen beharra azpimarratu du, eta azaldu du hori dela une honetan ezinbestean behar dutena, «berandu gabe».

Halaber, gaineratu du negoziazio horietan Ukrainaren eskeak «herrialdearen subiranotasuna, lurralde osotasuna eta segurtasun bermeak» izango direla. «Gure helburua nabarmena da: bakea eta bizimodu arrunta ahalik eta azkarren berrezartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.