Ingurumena

Gasteiz eta Legutio artean 800 hektareako soro fotovoltaiko bat egiteko lurrak erreserbatu ditu Jaurlaritzak

Bi eremu ezarri ditu Araban Jaurlaritzak plaka fotovoltaikoak ezartzeko: bata, Legutio inguruan, eta bestea, Gasteiz eta Agurain artean. EH Bilduk salatu du Lurralde Plangintza eta Ingurumen sailetan berriztagarriak antolatzeko planak ez datozela bat.

Eguzki plaka batzuk, artxiboko argazki batean. KAI FöRSTERLING/EFE
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 28a
12:16
Entzun

Azkenean argitu da zer egin nahi duen Jaurlaritzak Legutio eta Gasteiz arteko lurrekin: 800 hektarea izango dituen soro fotovoltaiko bat. Tamaina horretako bi eremu hartu ditu plaka fotovoltaikoak ezartzeko, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez; Gasteiz eta Agurain arteko lurrak hartuko dituzte bigarren soro erraldoi horretarako.

Duela aste batzuk zabaldu zen Jaurlaritzak energia berriztagarriak ezartzeko hartu zituela Legutio inguruko lurrak. «Horri buruzko galderak egiten hasi ginen, baina Jaurlaritzatik esan ziguten ez zekitela ezer», azaldu du Oterok. Orain, ordea, adierazi du Araba Zentraleko Lurralde Plan Partzialaren aurrerapena eskuratu dutela, eta bertan argitzen da zertarako baliatu nahi dituen Jaurlaritzak lur horiek.

EH Bilduko legebiltzakideak gaur eman duen prentsaurrekoan, planaren hutsuneak nabarmendu ditu: «Fotovoltaikoen alde egiten du planak oso modu argian. Eolikoarentzat, gaur egun dagoenaren birpotentziazio bat soilik egiten du, eta ez da aurreikusten parke eoliko berririk». Esan du «nekazaritzarako lur egokiak» diren eremuak ere erabiltzea aurreikusten duela plan berriak, eta Jaurlaritzak gehiegizko espazioa hartu duela iritzi dio: «Gigantismo hori ekidin eta eskala arrazional batean eraiki beharko litzateke». Horrekin batera, energia berriztagarrien ezarpena planifikatzeko beharra azpimarratu du: «Lurraldea ordenatu behar da; horregatik errepikatzen dugu energia berriztagarrien lurralde plana martxan jarri behar dela».

«Deskoordinazioa»

Oterok azaldu du plangintza berrian erabili dituzten irizpideak «interesgarriak» direla: «EH Bilduk Arabarako egin dituen proposamenetatik oso gertu dago plangintza berria». Hala ere, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean Arantxa Tapia lantzen ari den Berriztagarrien Plan Sektorialarekin talka egiten duela azaldu du, eta horrekin batera bi sailen arteko «deskoordinazioa» salatu du: «Arriolaren eta Tapiaren departamentuak berriztagarrien bi plangintza ezberdin egiten ari dira: ez daude koordinatuta. Tapiaren planean eolikoak aurreikusten dituzte, eta bestean ez. Irizpide ezberdinak dauzkate».

Azaldu duenez, horrek ondorio larriak ekar ditzake etorkizunean, udalei eragiten baitiete bi plangintzek: «Bi planek beren artean talka egiten dutenean, nori egin behar diote kasu udalek?». Bi sailei eskatu die elkarrekin ados jarri eta «proposamen argiak» egiteko: «Lurraldea ordenatu ordez, nahasmena areagotzen ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.