Olatz Artola Apeztegia.
Analisia

Zaplaztekoa nork nori

2022ko martxoaren 28a
14:40
Entzun

Bart izan ziren Oscar sariak. Alfonbra gorriko flash argiek harrapatutako formek, bolumenek eta zimurrek itzal egiten diete sariei, saridunei. Soinekoetan, takoietan, orrazkeretan: hor jartzen da arreta; hara joaten da begirada. Gaur goizean begiak zabaldu, sakelakoa piztu, eta meme bat esnatzeko. Makarrak kendu aurretik, Will Smithek Chris Rock umoristari emandako zaplaztekoaren berria. Agertoki gainean.

Pinkettek ilea arrasean moztu duelako egin du txistea Rockek. Ekitaldian. Publikoan. Hamar milioi ikusle baino gehiagoren aurrean. Ia guztiei egin die grazia, Pinketti salbu. Smithek ere, hau da, Pinketten senar Will Smithek ere egin du barre. Baina, jarraian, belarrondoko bat eman dio Rocki.

Batak ahozko biolentzia erabili du umorearen izenean, umore matxista —baldin eta hori umorea bada—, eta besteak biolentziaz eta matxismoz erantzun dio. Zaplazteko bat emanda.

Baina kolpea, bikoitza, Pinkettek jaso du. Jendaurrean alderik alde zartatua izatea aski ez, haustea nahikoa ez, eta senarrak zapaldu egin ditu puskatuta diren zati horiek guztiak. Krisk, karrak. Txiki-txiki egin. Smithen jokaerak Pinketti ulertarazi dio ez dela gai bere burua defendatzeko, horretarako dagoela bera: gizona. Defendatzeko modua biolentzia dela, eta, gainera, maitasunagatik egiten duela. Maite duelako.

Pinkett izanagatik txisterako objektu, Smithek ere objektualizatu eta defendatu beharreko jabetza bilakatu du. Barre egin du. Zutitu. Jo. Eta, bueltan, burua tente, eseri. Gero, berriz altxatu, oholtzara igo, saria jaso, eta aurrez egindakoa mikrofonopean argudiatu. Berretsi. «Maitasunak erokeriak eginarazten dizkizu». Ahotsa altxatu du, eta azpimarratu Pinkettek ez duela ahotsik.

Smithek, mikrofono parean, barkamena eskatu die akademiari eta sarietarako izendatutako kideei. Ez, baina, emazteari… Beste kolpe bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.