Ukrainako krisia

Aldundiek fiskalitatea erabiliko dute autonomoei eta enpresa txikiei «arnasa» emateko

Zergen atzerapenak eta forfaiten handitze bateratuak onartu dituzte dirua enpresen esku jartzeko. Neurri horien eraginez 160 milioi euro gutxiago bilduko dituztela aurreikusi dute. 5,4 milioi euroren laguntza zuzenak emango dizkiote lehen sektoreari. 

Unai Remeteria, Ramiro Gonzalez eta Markel Olano ahaldun nagusiak. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 29a
12:55
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek zor bilketaren inguruko neurri bateratuak hartuko dituzte Ukrainako gerrak eta energiaren eta lehengaien garestitzeak eragindako krisia leuntzeko. Enpresa txikientzako eta autonomoentzako neurri sorta bat adostu dute. Enpresei, modu orokorrean azalduta, justifikatu gabeko gastuen, forfait deiturikoen batezbestekoa handituko diete; autonomoei, berriz, zergen ordainketa geroratzeko eta zatikatzeko aukera emango diete. Neurri horien ondorioz aldundiek 160 milioi euro gutxiago bilduko dituztela uste dute, baina, haien iritziz, gaur egun diruak «enpresen eskuetan» egon behar du, eta ez administrazioenetan. Era berean, 5,4 milioi euroren ditu laguntza zuzenak bideratuko dituzte lehen sektorera.

Ez da hain ohikoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek agerraldi bateratua egitea. Gaur, ordea, Ramiro Gonzalezek, Unai Rementeriak eta Markel Olanok batera aurkeztu dituzte neurriak, Arabako Aldundiaren egoitza nagusian. Olanok berak nabarmendu du bertan sartzen zen lehen aldia zela eta batasun horrek islatzen zuela neurrien garrantzia. «Guk ezin dugu krisiaren jatorrian eragin, baina bai haren ondorioetan, eta, horretarako, gure lanabes onena erabiliko dugu: fiskalitatea», iragarri du Gonzalezek. Gaineratu du neurri koordinatuak direla, eta hiru aldundiak «bat eginda» indartsuagoak direla.

Rementeriak aletu du enpresei forfaiten batezbestekoa handitzeko neurria –ezberdinak dira sektorearen arabera–, eta azaldu du 2022ko ekitaldirako direla. Krisiak gogorren astindu dituen sektoreentzat dira, eta, esaterako, garraio sektorean %70eraino igo dituzte. Haren ustez, neurri horrek «eragin nabarmena» izango du sektorean, eta garraiolari asko egiten ari diren lanuztea arintzea «ekar lezake». Alde horretatik, nabarmendu du Bilboko portuan ez dagoela arazo larririk eta lehengaiak ateratzen ari direla azpiegituratik.

Autonomoen eta enpresa txikien zerga ordainketari dagozkion neurriak Olanok azaldu ditu. Oso grafikoa izan da azalpenean, eta pertsonei eta enpresei «arnasa emateko» erabakiak direla nabarmendu du. Oinarria zergen ordainketa zatikatu eta atzeratu ahal izango dute, «interesik eta gainkosturik» pilatu gabe. Autonomoek, era berean, aurtengo maiatzeko eta abuztuko ordainketa zatikatu ahal izango dute, betiere hala nahiko balute. Pandemian ere indarrean jarritako neurri bat da, eta orduko esperientzian oinarritu dira ogasunak.

Hiru ahaldun nagusiek onartu dute iaz eginiko aurreikuspen ekonomikoak betetzea zaila izango dela, baina ziurtzat jo dute abian jarritako inbertsio guztiak beteko dituztela. «Oso zuhurrak izan ginen kalkuluak egitean», nabarmendu du Gonzalezek. Hala ere, onartu du oraindik goizegi dela jakiteko zer eragin izango duten krisiek. Era berean, nabarmendu du ez direla enpresa handiez ahaztu, baina horiek «beste laguntza mekanismo batzuk» dituztela eta neurri hauek ez daudela haiengana zuzenduak.

Neurriak, xeheago:

Interesik gabeko gerorapena zergen ordainketan

Langile autonomoek eta enpresa txikiek (50 langile baino gutxiagokoak) aparteko gerorapena izango dute zergen ordainketetan, eta ez dute bermerik aurkeztu beharko. Foru ogasunek emango dituzten geroratze horiek ez dute interesik sortuko, eta geroratutako zenbatekoak itzultzeko zenbateko berdina izango duten sei hileko kuotatan ordaintzea eskaintzen dute, hiru hilabeteko gabealdi baten ostean egingo dena.

PFEZren ordainketa zatikatuen salbuespena

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak ez daude behartuta PFEZren ordainketa zatikatuak ordaintzera urteko lehen bi hiruhilekotan.

Autonomoentzako eta enpresa txikientzako gastu forfait handitzea

Hirugarren neurria gastuak justifikatzeko salbuespena handitzea da. Enpresa txikiek eta langile autonomoek beren zerga oinarria murriztu ahal izateko, dela Sozietateen gaineko Zergan, dela PFEZan.

Forfaitaren handitzeak indar berezia izango du salgaien errepidezko garraioan, nekazaritzan eta abeltzaintzan, hiru lurraldeetan % 70eraino igoko baitute. Forfait orokorra, bai PFEZan (langile autonomoak), bai Sozietateen gaineko Zergan (mikroenpresak), % 15eraino igoko da.

5,4 milioi euro nekazaritza eta abeltzaintzari zuzeneko diru laguntzetan

Halaber, hiru aldundiek erabaki dute zuzeneko diru laguntzen lerro berri bat irekitzea lehen sektorea laguntzeko: 2,5 milioi euro Araban, 1,2 milioi euro Bizkaian, eta 1,7 milioi euro Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.