Musika

Rigoberta Bandini eta Romy BBK Live jaialdira batu direnen artean

Hamabosgarren aldiaren behin betiko kartela aurkeztu dute antolatzaileek. Besteak beste, Kelly Lee Owens, WOS, Nilüfer Yanya, Alizzz eta Cariño batu zaizkie aurretik iragarritakoei.

Rigoberta Bandini kantaria, Bartzelonan emandako kontzertu batean, otsailean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
itziar ugarte irizar
2022ko martxoaren 29a
14:54
Entzun

Ohiko formatuan itzuliko dira musika jaialdi ugari uda honetan, eta arduradunak xehetasunak aletuz doaz egunak hurbildu ahala. BBK Live jaialdia uztailaren 7tik 9ra itzuliko da Kobetamendira (Bilbo), «indarberrituta», eta nazioarteko ehun musikari eta taldetik gora bilduko dituzte. Zenbait izen iragarriak zituzten aurretik, LCD Soundsystem eta J Balvin tartean, eta horietara gehitu dira orain Kelly Lee Owens galestarra, The xx taldeko kide Romy eta Londrestik helduko den Nilüfer Yanya, besteak beste.

«Mundu osoan bidaiatzeko» proposamena egin nahi du jaialdiak bere hamabosgarren aldian, eta nazioartetik helduko diren musikarien parte hartzea azpimarratu du horregatik; besteak beste, Snail Mail helduko da AEBetatik, eta Simona eta WOS Argentinatik. Estatuko «izen handien» aldeko apustua ere egin dute, eta Rigoberta Bandini, Alizzz, Mujeres eta Cariñorekin osatu dute egitaraua.

Baso elektronikoa

Elektronika esperimentalean zeresana ematen ari diren nazioarteko artistak biltzen dituen eremua bihurtu da Basoan deiturikoa jaialdian, eta, aurten, besteak beste, The Blessed Madonna, Carl Craig, Helena Hauff, DJ Phyton, Lena Willikens eta John Talabot gonbidatu dituzte.

Ifrentzuan,Lasai izendatutako eremuan, minutuko 100 beat-ak gaindituko ez dituzten proposamenak bilduko dituzte. Antolatzaileen hitzetan, «tempo geldoen eta intentsitate bizien gunea» izango da, eta bertan izango dira, besteak beste, Max Abysmal, Ivan Smaggher, Cosmo Vitelli, Font de Cadeux, Xamana Jones, Yu Su DJ, Charlotte Bendiks, Brian Pileyro eta Katza, estilo oso ugariak gurutzatuz, psikodeliatik, erritmo latino, lo-fi eta post punkera igaroz.

Egitarau osoa jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke jada, eta hiru egunetarako bonuak eta eguneko sarrerak ere bertan daude salgai. Apirilaren 28ra arte, 145 eurotan eskuratu ahalko dira bonuak, eta epeka ere ordaindu ahal izango da. Jakinarazi dute, halaber, sarrera bakoitza erostean dohaintza bat egiteko aukera eskainiko dutela —bost eurokoa gehienez—, eta bildutako dirua Ukraina-Euskadi Garapenerako eta Lankidetzarako Elkartera bideratuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.