Ezbeharra

Emakume bat eta haren haurra hil dira Zaldibian, gas isuri baten ondorioz

Hildakoak ama-semeak dira, eta aita ospitaleratu egin dute. 25 urte zituen emakumeak, eta hemezortzi hilabete haurrak. 06:30 aldera gertatu da ezbeharra etxebizitza batean.  

Larrialdi zerbitzuak Zaldibiako Santa Fe kalean, goizean. IñAKI GURRUTXAGA, GOIERRIKO HITZA
2022ko martxoaren 30a
09:14
Entzun

Gaur goizean bi lagun hil dira Zaldibian (Gipuzkoan), etxean izandako gas isuri baten ondorioz. Ama-semeak ziren hildakoak, eta beste pertsona bat, aita, Zumarragako ospitalera eraman dute. «Larri dago, baina egonkor», Eztitxu Mujika alkatearen arabera.

Semeak hemezortzi hilabete zituen, eta amak 25 urte. Argentinakoak ziren, eta bost urte zeramatzaten Zaldibian bizitzen.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 06:30ak inguruan gertatu da Santa Fe kaleko etxebizitza batean, beheko solairuan. Aitak berak deitu du larrialdi zerbitzuetara, esanez gaizki sentitzen zela eta bere emazteak eta semeak ez zutela erantzuten; beste gela batean zeuden haiek. Hara bertaratu dira Ertzaintza eta suhiltzaileak, eta konorterik gabe topatu dituzte hiru biktimak.

Mujikak Euskadi Irratian esan duenez, familiak arazoak zituen galdararekin, eta ikerketa bat zabaldu du Ertzaintzak. Horretaz gain, alkateak jakinarazi du hiru dolu egun ezarriko dituela udalak. Hainbat herritarrek, berriz, loreak utzi dituzte haurra ibiltzen zen haur eskolan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.