Zergak

Astelehenetik aurrera onartu ahal izango dira autolikidazioak Gipuzkoan

Errenta aitorpena aurrez aurre egiteko aukera indarrean egongo da aurrerantzean ere.

Irune Iarza, Jokin Perona eta Yolanda Dominguez, Donostian, gaur. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 30a
12:02
Entzun

Abian da 2021. urteko errenta zergaren kanpaina Gipuzkoan. Lurraldeko ogasunak egindako 256.000 autolikidazioak dagoeneko ikusgai dituzte zergapekoek, eta astelehenetik aurrera baiezkoa ala ezezkoa eman ahal diete.

Autolikidazioak edo prestatutako aitorpenak dira gaur egun Gipuzkoako zergapekoek Ogasunarekin duten zorra edo hark zergapekoekin duten zorra kitatzeko modu nagusia. Ogasunaren datuen arabera, zergapekoen %57,4k erabiliko dute sistema hori.

Proposamenekin ados egonez gero, onarpena eman daiteke bai Internetez, Zergabidea plataforman, baita telefonoz ere (943-11 30 00). Aldaketekin ere onartu daiteke, betiere sei elementu hauetako bat baldin bada: etxebizitza, lokalen edo etxebizitza turistikoen alokairuen errendimenduak, alokairuaren kenkariak, dohaintzen kenkariak eta sindikatu kuotaren kenkaria. Bestelako edozein aldaketa Zergabidea plataformaren bidez ere egin daiteke. Aurreikuspenen arabera, 222.000 aitorpen aurkeztuko dira modalitate horren bitartez, joan den urteko antzeko kopurua.

Aurten, ordea, izango da aldaketa txiki bat autolikidazio horietan. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek Ukrainako gerra dela-eta atzo iragarritako zerga neurriek langile autonomo batzuen autolikidazioak eguneratzera behartuko dituzte.

Neurri horiek guztiek 11 milioi euroko kostua izango dutela ziurtatu du Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak, eta, horren ondorioz, 2021eko errenta kanpainaren emaitza negatiboa izatea espero dute: 7,3 milioi euro biltzekoa zen aldundia, baina, orain, 3,7 milioi ordaindu beharko ditu.

Gipuzkoako Ogasunak eutsi egiten dio errenta aitorpena aurrez aurreko egiteko aukerari, uste baitu herritar batzuek haren beharra dutela, ez direlako Internet bidez ongi moldatzen. Bide hori aukeratzen dutenek apirilaren 12tik aurrera eskatu ahal izango dute hitzordua. Zerbitzu horri langile propioekin erantzungo diela nabarmendu du Irune Iarza Ogasun zuzendariak. Hamaika arreta bulego eta 120 langile izango dituzte horretarako, bederatzi udalerritan. Aldundiak espero du 62.000 lagunek hautatzea bide hori, zergapekoen %16k.

Hirugarren bide bat ere izango da errenta aitorpena egiteko: Zergabidea Internet plataformaren bidez. Lau zergapekotik batek erabiltzen du sistema hori, eta haien kopurua handitzea espero du aldundiak.

Ekainaren 30ean amaituko da kanpaina.

Aitorpena, euskaraz

Ogasun saileko arduradunek euskaraz eman dituzte azalpen gehientsuenak, eta errenta aitorpena euskaraz egiteko eskatu die Peronak Gipuzkoako herritarrei. «Zerga administrazioa prest dago, telefono, Internet zein telefono bidezko arreta prest dago euskaraz zerbitzua emateko. Beraz, animatzen zaituztegu pausua ematera: hizkuntza aukeratu, eta zerbitzu bikaina hartu». Ogasunaren helburua da 2023rako 100.000 zergadun izatea lurraldeko zerga administrazioarekin euskaraz aritzen direnak.

Ondarearen gaineko zerga

Ondarearen gaineko zergaren kasuan, Zergabidearen bidez bakarrik aurkez daiteke. Egindako aurreikuspenen arabera, 68 milioi euro jasoko ditu Gipuzkoako Aldundiak kanpaina honetan, aurreko urtean baino 2,1 milioi euro gehiago. «Emaitzaren hobekuntza, suposatu dezakezuenez, arlo ekonomikoan 2021 aurreko urtea baino askoz hobeagoa izatean datza», argitu du Iarzak. Foru Ogasunaren ustetan, 8.400 aitorpen jasoko ditu zerga horretan, eta batez beste 8.095 euro ordainduko dituzte zerga hori ordaintzen duten zergadunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.