Gerra Ukrainan

Gasa errazionatzeko pauso bat iragarri du Alemaniak

Errublotan ordaintzen ez bazaio gas hornidura eten dezakeela dio Errusiak. Eta Alemaniak abian jarri du halako egoera bati aurre egiteko legea, azken buruan errazionamenduak ekar ditzakeena.

Robert Habeck, Alemaniako Ekonomia ministroa, artxiboko irudian. CLEMENS BILAN / EFE
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 30a
12:49
Entzun

Errusiak berretsi egin zuen asmoa asteartean: Europara bidaltzen duen garia, gasa eta petrolioa laster errublotan kobratzen hasten ez bada hornidura hori etetea dela aukera bat. Dimitri Peskov izan zen, Kremlineko eleduna, esan zuena Errusiak ez duela «gasa doan emango». Eta, mehatxua entzunda, gas horren menpekotasun handienetakoa duen herrialdea, Alemania, okerrenerako prestatzen hasi da, Errusiako gasik gabeko jokaleku baterako.

Robert Habeck Ekonomia ministroak gaur goizean iragarri du azken buruan herrialdera gas errazionamenduak ekar ditzaketen pausoak ematen hasiko dela Alemania, jada halako hornidura larrialdiak aurreikusten dituen lege bat eskuan. Alemaniako legeak hiru jokaleku ditu gas urritasunari erantzuteko. Lehenengoan, alerta goiztiarreko fasean, Ekonomia Ministerioak, gas merkatuaren arautzaileak eta sektore pribatuak osatutako talde bat jarriko da gas inportazioak eta biltegiratzeak monitorizatzen.

Gas hornidura murriztuko balitz, hurrengo faseetan neurriak gogortuz joango lirateke, kontsumoa apaltzeko, eta, aurrerapenik lortuko ez balitz, irits daiteke momentu bat non industriako alorrei gas naturalaren hornidura murriztuko litzaiekeen, azken buruan gasa jasotzeko lehentasuna etxebizitzek izan dezaten.

«Egoera monitorizatzen ari gara», esan du Alemaniako Ekonomia ministroak. «Gero beste bi pauso datoz, alarma eta larrialdi faseak. Baina oraindik ez gaude hor. Egoerak modu dramatikoan egin beharko luke okerrera fase horiek iristeko. Orduan, praktikan hornidura kateetan aldaketa egin beharko genuke, eta horren arabera erreakzionatu».

Legearen arabera, hirugarren jokalekuan, larrialdi fasean soilik du eskumena Alemaniako Estatuak gas fluxuetan esku hartu eta horiek arautzeko. Ekonomia ministroaren arabera, «une horretan energia arautzaileak erabakiko du zein erregio eta zein industria alor zerbitzatuko diren bigarren maila batean».

Gazprom Putinekin

Oraingoz, Errusiatik Alemaniara doazen gasbideetako emaria normala dela adierazi du Habeck-ek. Baina Moskun bihar dira biltzekoak Vladimir Putinekin Gazpromeko eta Errusiako Banku Zentraleko buruak. Gasaren ordainketak dolarretan edo eurotan egin beharrean errublotan egiteko mekanismoa nolakoa izango den aurkeztu behar diote presidente errusiarrari.

Moskutik zabaldutako filtrazioek diote mekanismoa hilabete honen amaierarekin ezarriko litzatekeela, baina Kremlinek oraindik ez du data ofizialik ezarri.

Dena den, Mendebaldeko herrialdeek ezetz diote. Esaterako, Europan Errusiako gasaren menpekotasun handienetakoa duten bi herrialdek, Alemaniak eta Italiak, esan dute ordaintzeko moduak aldatzeak berekin dakarrela salerosketa kontratuak haustea.

Alemaniako Ekonomia ministroak gaur bertan berretsi du jarrera: «Ez dugu onartutako kontratuak alde bakarrez haustea».

Prezioak gora

Alemaniaren iragarpenak eta Errusiaren mehatxuak eragin zuzena izan duten gasaren merkatuan. Europarako erreferentziazko Herbehereetako salerosketetan megawatt-ordua 14 euro garestitu da une batean. Eta gerokoen merkatuan megawatt-ordua 124 eurotik gora salerosi da une batean, nahiz eta gero salneurria zertxobait apaldu den.

Robert Habecken hitzek adierazten dute Alemaniak eta beste zenbait herrialdek Errusiako gasik gabe gorriak ikusi ditzaketela datozen hilabeteetan. Horren erakusgarri, 2021. urtean Errusiak bete zituela Alemaniaren gas inportazioen %55. Olaf Scholzen gobernuak, eta Europako Batasunak orokorrean, lehenbailehen libratu nahi dute Errusiako gaien menpekotasunetik. Baina aurrezpen, efizientzia eta hornitzaile berriak bilatzeko asmo guztiak beteta ere, Alemania ez litzateke Errusiako gasetik aske izango, gutxienez, 2024. urteko bigarren erdialdera arte.

Deiak gasa aurrezteko

Neurriak aurkeztearekin batera, eskaria ere egin du Robert Habeck berdeak.«Gauden egoeran, esan beharrean gaude aurrezten duzun kilowatt-ordu bakoitza dela lagungarri. Alemania laguntzen ari zara, Ukraina laguntzen ari zara gasaren eta, oro har, energiaren kontsumoa murrizten duzunean».

Frantzian ere halako dei bat egin du Laurence Poirier-Dietzek, GRDF Frantziako Gas Banaketako Sarearen zuzendariak, Les Echos egunkariari emaniko elkarrizketa batean. Haren arabera, «negu honen amaierarako kezkarik ez dago», baina beste kontu bat da datorren negua, «Errusiako gasaren inportazioetan eten partzial edo oso bat baldin badago». Poirier-Dietzek berokuntzako termostatoak gradu bat jaisteko eskatu die herritarrei; dutxak hartzeko bainuen ordez, eta gas galdarak berri efizienteagoekin ordezkatzeko, kontsumoa %30 txikiagotu dezaketelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.