Publizitate instituzionala

Donostiako udal gobernuak gaztelaniazko hedabideetan jartzen du publizitatearen %93,57

Udalak berak dituen datuen berri eman du EH Bilduk. Iaz, Donostiako Udalak publizitatearen %6,43 baino ez zuen kontratatu euskarazko hedabideetan.

Eneko Goia, Donostiako alkatea. JUAN HERRERO, EFE
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 30a
13:33
Entzun

EH Bilduk agerraldia egin du gaur, eta zera adierazi: «Donostiako Udalak batez ere erdarazko hedabideetan kontratatzen du publizitatea». Zigor Etxeburua zinegotziak eman ditu argibideak, eta azaldu du ez dela udal horren kontua bakarrik: «Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an erdira murriztu zuen euskarazko hedabideetan jarritako publizitate instituzionala, eta horrekin moztu egin zuen aurreko agintaldian euskarazko hedabideak lehenesteko egon zen praktika».

Edonola ere, gaur Donostiako Udalaren datuak eman ditu EH Bilduk. Hau erakutsi dute datuek: 2021. urtean, Donostiako udal gobernuak 496.408 euro erabili zituen publizitate instituzionalean. Horietatik 31.904 euro izan ziren euskarazko hedabideetarako, hau da, %6,43. Donostia Sustapena sailak ez zuen kontratatu publizitaterik euskarazko komunikabideetan: 108.883 euro erabili zituen publizitatea jartzeko, eta guztiak gaztelaniazko hedabideetzat izan ziren. Turismo Sailak, berriz, euskarazko hedabideetan %0,84 kontratatu zuen (1.158 euro). Gainontzeko 137.912 euroak erdarazko hedabideetan kontratatu zituen Turismo Sailak. Hedabideen Agentziak hartzen du publizitate gastuaren zatirik handiena: 192.657 euro. Eta, kasu horretan, udalak %12,24 kontratatzen du euskarazko hedabideetan (Euskadi Irratia eta Gaztea barne). «Agentzia horrek hizkuntza kudeaketa zehazten du. Hala ere, udalak euskarazko komunikabideetan —guztiak batuta— jarritako publizitatea halako bi kontratatu du hiriko gaztelaniazko hedabide zabalduenean».

EH Bilduk adierazi du mezuak bi hiztun komunitateri bidali behar lizkiokeela udalak. «Gutxienez, gaztelaniazko hedabideetan jarritako publizitatea jarri beharko luke udalak euskarazkoetan. Hori modu progresiboan egiteko, aurten bikoiztu egin beharko luke iaz euskarazko hedabideetan jarritako publizitate kopurua, eta joera horri eutsi hurrengo urtean ere», esan du EH Bilduko zinegotzi Etxeburuak. Koalizioaren arabera, udal gobernuak ez du bermatzen euskaraz informatzeko euskaldunek duten eskubidea, eta ez die erdarazko hedabideei bezalako begirunea erakusten euskarazkoei. «Larria iruditzen zaigu euskarazko tokiko hedabideei egiten dien trataera».

EAJ eta PSE-EE daude udal gobernuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.