Mendebaldeko Sahara

Sanchezek esan du jarrera aldaketa «beste pauso bat» dela irtenbiderako

Espainiako gobernuburuak Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean egin duen jarrera aldaketa defendatu du Diputatuen Kongresuan. Gainerako alderdiak kritiko agertu dira Sanchezen jarrera aldaketarekin. 

Pedro Sanchezek Diputatuen Kongresuan egin duen agerraldian. CHEMA MOYA/EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko martxoaren 30a
15:56
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean bere gobernuak izan duen jarrera aldaketa argudiatu du esanez aldaketa hori «beste pauso bat» dela irtenbiderako. Hain justu, azpimarratu du jarrera aldaketa NBE Nazio Batuen Erakundearen «esparruan» kokatzen dela, eta gaineratu du gatazkaren irtenbideak bi aldeek onartua izan behar duela. Horrez gain, behin eta berriz esan du EB Europako Batasuneko kideekin eta beste hainbat herrialderekin «lerratutako posizioa» hartu duela Espainiak.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerriko ministroak Maroko bisitatzeko bezperan, Pedro Sanchezek agerraldia egin du Diputatuen Kongresuan Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidean izan duen jarrera aldaketaz azalpenak emateko. Izan ere, duela bi aste, Marokoko Errege Etxeak argitara atera zuen Espainiako gobernuburuak bidalitako eskutitz baten edukia. Horretan, Sanchezek Mohamed VI.a erregeari adierazi zion 2007an proposatu zuen autonomia plana babesten duela Mendebaldeko Sahararentzat.

Hori defendatzeko asmoz, Mohamed VI.a erregeari idatzi zion eskutitzaren zati bat irakurri du Diputatuen Kongresuan: «Espainiak uste du Marokok 2007an aurkeztu zuen autonomia plana gatazka gainditzeko aukera serioena, errealistena eta sinesgarriena dela». Horren ostean, oposizioko alderdiei eskatu die prozesuaren «konplexutasuna baloratzeaz» gain, «babesa» emateko.

Sanchezek ere azaldu nahi izan du zergatik izan duen «orain» jarrera aldaketa: «Orain aukera bat ireki da. Izan ere, 46 urte igaro ondoren, gatazkaren bi aldeek konponbidea lor dezakete, edo gutxienez negoziazio prozesu bat ireki. Iragan urrian, NBEko Idazkari berri bat izendatu zuten Mendebaldeko Sahararako. 2 urtez ezin izan da hautagairik izendatu; izan ere, hamahiru hautagai baztertu dira aldez aurretik. Hortaz, jarrera aktiboa eduki eta eragile izan nahi dugu».

Sanchez, NBEren eta EBren babes bila

Sanchezek, bere jarrera aldaketa argudiatzeko asmoz, behin baino gehiagotan azpimarratu du diskurtsoan NBEren «esparruan» kokatzen dela gatazkaren konponbidea, eta gaineratu du nazioarteko gainerako kideek ere «laguntza» eman behar diotela NBEri negoziazio prozesua aurrera eramateko. Gatazkaren irtenbideak bi aldeek onartua izan behar duela ere gehitu du.

Horrez gain, nabarmendu du Espainiak hartutako jarrera bat datorrela EBko kideek eta beste hainbat herrialdek hartutakoarekin. Eta horren adibide direla Frantzia, Alemania eta AEBak. Alabaina, azaldu du Frantziak «aspaldidanik» babesten duela Marokoren autonomia plana, eta Alemaniak ere joan den urtarrilean eman ziola babesa planari eskutitz baten bitartez, Espainiak egin zuen moduan, azpimarratu du.

Nazioarteko esparruan Sanchezen jarrera aldaketak bere ustez izan duen babesaz gain, Espainiako aurreko presidenteen erabakiez ere mintzatu da: «Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zela, Espainiak jada onartu zuen 2007ko plana». Zapaterok ez ezik, Mariano Rajoyk ere 2012an eta 2015ean plana «ontzat» eman zuela nabarmendu du Espainiako gobernuburuak. Diskurtsoa bukatu du gogoraraziz Espainia dela Saharako errefuxiatuen kanpalekuei laguntza humanitarioa ematen dien emaile nagusiena, eta babes hori ematen jarraituko dutela gaineratu du.

Oposizioko alderdiek Sanchez kritikatu dute izan duen jarrera aldaketagatik, eta haren berri eman ez izanagatik. Unidas Podemosek argitu dio Sanchezi gai honetan bi jarrera daudela: bata, Saharako autodeterminazio eskubidearen aldekoa, NBEren ebazpenek jasotzen dutena, eta, bestea, Marokoren proposamena babestea, zeinak autonomia ematen dio Saharako herrialdeari. Horren harira, Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak Sanchezi adierazi dio jarrera aldaketa egon dela, eta zaila dela aldaketa hori «justifikatzea». Alderdi Popularrak haserrea adierazi dio Sanchezi jarrera aldaketaren berri ez emateagatik, eta nabarmendu dute Espainia inoiz ez zela NBEren «markotik» atera.

ERC Esquerra Republicana kritiko agertu da Espainiako Gobernuarekin, eta hau galdegin dio Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak Sanchezi: «Zergatik babesten ditu gobernuak Ukrainako herritarren eskubideak, eta ez Saharakoenak?». Horrez gain, Sanchezek diskurtsoan behin baino gehiagotan nabarmendu duen bi aldeen arteko adostasunaren inguruan, Rufianek erantzun dio Fronte Polisarioak «ez duela babesten» Marokoren proposamena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.