Korsika

«Korsika independentea izango da», hil aurretik Yvan Colonnak preso bati kartzelan errandakoa

Preso korsikarra beste preso batekin mintzo den bideo bat zabaldu da Frantziako hedabideetan. Presondegian ageri dira, Korsikaren geroari buruz mintzo: duela bi hilabete grabatutako irudiak dira.

Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko martxoaren 31
10:12
Entzun

Urtarrilean grabatutako irudiak dira, Arlesko (Okzitania) presondegitik. Yvan Colonna preso korsikarra ageri da, beste preso batekin xake jokoan ari. Elkarrizketan ari dira bi gizonak, eta hauexek dira Colonnaren hitzak: «Korsika independentea izango da».

Sebastien Lecornu itsasoz haraindiko Frantziako ministroak errandakoaren erreakzio batekin hasten dute elkarrizketa. Colonna: «Ikusi duzu Lecornuk Guadaluperi buruz errandakoa? Autonomia aipatu daitekeela». Berehala, Korsikako egoerarekin parekatzen du, korsikarren %68 autonomiaren aldekoak direla erranda, eta, alta, Frantziak ez duela Korsikaren autonomiaz hitz egiten.

Beste presoak, ondotik, galdetzen dio urtero zenbat frantses doazen uhartera bizitzera. Colonnaren erantzuna: «Urtero, 4.000. Pixkanaka diluituak dira korsikarrak». Eta segitzen du: «Iratzarriko gara. Iratzarriko gara, ez kezkatu. Nik konfiantza dut». Korsika independentea izango ote den galdetzen dio gero presoak. «Noski, noski, independentea izango da». Bi gizonen irriekin bukatzen da bideoa.

Frantziako BFMTV hedabideak zabaldu du euskal preso batekin ari dela Colonna, baina BERRIAk ezin izan du informazio hori baieztatu. Izan ere, Etxerat elkartearen zerrendaren arabera, ez dago euskal «preso politikorik» kartzela horretan.

Arlesko presondegian grabatutako bideo bat da, han betetzen baitzuen kondena Colonnak; iragan martxoaren 2an jipoi bat eman zioten, eta koman egon ondotik martxoaren 21ean hil zen, ospitalean. Haserrea piztu du gertaerak uhartean, eta mobilizazio jendetsuak egin dituzte azken asteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.