Hezkuntza

LABek «ulertezin» iritzi dio Steilasek lanuztera deitzeari

LABek batasun sindikala aldarrikatu du hezkuntza langileen erronkei aurre egiteko.

ELA, Steilas eta LABek hezkuntza itunaren zirriborroaren aurka egindako protesta bat. RAUL BOGAJO/ FOKU
2022ko martxoaren 31
10:25
Entzun

Steilas sindikatuak atzo iragarri zuen EAEko hizkuntza itunaren aurka protestan jarraituko duela, eta lau orduko lanuztea egingo duela apirilaren 7an ikastetxe publikoetan eta Haurreskola partzuergoko zentroetan. Erabaki horri «ulertezin» iritzi dio LAB sindikatuak, eta batasun sindikala aldarrikatu du hezkuntza langileen erronkei aurre egiteko. LABek gaur goizean ohar batean adierazi du komunikabideen bidez jakin dutela Steilas sindikatuak lanuztera deitu duela, eta salatu du deialdia hezkuntza akordioaren harira sortutako intersindikaletik at egiten dela, «aldebakarrez» eta «aurretiazko inolako komunikaziorik gabe».

LABek azpimarratu du sindikatuen arteko azken bileran sindikatu guztiek aho batez erabaki zutela bertan behera uztea deituta zituzten greba eta mobilizazioak. LABen arabera, Steilasek dinamika guztiak bertan behera uztea lehenetsi zuen bilera horretan. «Hori dela eta, lanuzte deialdi honen aurrean gure harridura adierazi nahi dugu», esan du LABek. Uste du ezinbestekoa dela langileen interesak elkarrekin defendatzea eta mobilizazio bateratuetara jotzea. Sindikatua prest agertu da Hezkuntza Legearen harira sortutako erronkei aurre egiteko, eta ez du baztertzen bide horretan greba eta mobilizazioak egin behar izatea, baina betiere langileen «adostasuna» kontuan hartzen bada.

Erlijio ikasgaia Nafarroan

Nafarroako Steilas sindikatuak erlijio ikasgaia eskoletatik ateratzeko eskatu du gaur. Izan ere, Navarra Suma taldeak lege proposamen bat aurkeztu du Nafarroako parlamentuan, eta eskatu du irakasleek erlijio ordu gehiago emateko. Proposamen horren arabera,erlijio irakasleek ikastetxean ematen dituzten irakasgaiko orduei ordu luzapenak gehituko zaizkie, gehienez 26 saio egin arte, beste irakasgai batzuk emanez, eta beste irakasleen kaltetan. Geroa Bai proposamena babesteko prest agertu izana deitoratu du Steilasek: «Sarritan esan ohi dute haien iritziz erlijioa eskolatik kanpo egon beharko litzatekeela, baina horrelakoak babesten dituzte». Sindikatuak adierazi du lanean jarraituko duela eskola publiko laiko baten alde eta «doktrinatze erlijiosoak» finantzaketa publikorik jaso ez dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.