Kontu publikoak

Jaurlaritzak pandemiaren aurretik baino 2.200 milioi euro gehiago zor ditu

Nafarroako Gobernuak, ordea, ia ez du zorra handitu, eta 2021ean ia 500 milioi euro kendu ditu.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ajuria Eneko lorategian. DAVID AGUILAR / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 31
10:56
Entzun

Oso bilakaera desberdina izan dute Hego Euskal Herriko bi gobernu nagusien kontuek. Espainiako Bankuaren datuen arabera, Eusko Jaurlaritzak 11.172 milioi euroko zorra zuen 2021eko azken hiruhilekoaren amaieran, urtebete lehenago baino 387 milioi gehiago. Egia da azken hiruhilekoan zorra ia 300 milioi jaitsi duela, baina oraindik pandemiaren aurreko mailatik oso gora dago: 2020ko martxoaren amaieran 8.976 milioi zor zituen, orain baino 2.196 milioi gutxiago.

Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du zulo handirik egin pandemia izan den urteetan. 3.011 milioi euro zor zituen COVID-19a zabaldu aurretik, eta 3.146 milioi gehiago orain (+135 milioi). Are gehiago, 2021eko suspertzea baliatu du zorra 471 milioi euroan arintzeko.

Bilakaera desberdin horren ondorioz, zor batek eta besteak duten pisu erlatiboa asko parekatu da. Euskal Autonomia Erkidegoak bere barne produktu gordinaren %15,6 zor du, eta Nafarroak, berriz, %15,2. Espainiako Bankuak erkidegoen zorra neurtzen duenetik, 2003tik, lehen aldia da Iruñeko administrazioaren zorra txikiagoa dela Gasteizkoarena baino.

Hein batean, bi erkidegoen ekonomien azken bi urteetako bilakaerak azaltzen du hori. Izan ere, Nafarroako BPGa gutxiago erori zen 2020an (-%8,3) EAEkoa baino (-%9,9), eta gehiago hazi zen 2021ean (+%5,9 eta +%5,6, hurrenez hurren).

Iazko hazkundearen eskutik, jaitsi egin da zorraren pisu erlatiboa (-3,6 puntu Nafarroan; -0,6 EAEn).

Aldundiek, 3.365 milioiko zorra

Gainera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak benetan duten zor publikoa are handiagoa da, hiru foru aldundiena batuz gero. Espainiako Bankuak 3.365 milioi euroko zorra adjudikatu die, 2020 amaieran baino 353 milioi gehiago, eta pandemiaren aurretik baino 655 milioi gehiago. Hainbat urtez debekatuta izan dute aldundiek defizita izatea, eta, beraz, zorra puztea, baina Espainiako Gobernuak arau hori lausotzea baimendu zuen, koronabirusaren krisiak eragindako kalteak estaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.