Prentsa askatasuna

Poloniak Madrili esan dio Fiskaltzak agindu zuela Gonzalezen atxiloketaren inguruko sekretua

Gertaerak argitzeko eta prozesurako «bermerik handienak ezartzeko» eskatu du gaur Euskal Herriko Unibertsitateak.

Gonzalezen aldeko elkarretaratzea Nabarnizen (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko martxoaren 31
11:26
Entzun

EH Bilduk galdetuta, Espainiako Gobernuak zenbait xehetasun eman du Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloketaz eta horren inguruan Poloniako agintariekin izan dituen harremanez. Jon Iñarritu diputatuari emandako erantzunean, Espainiako Gobernuak jakinarazi du zenbait kontaktu izan dituela Poloniako Gobernuarekin, eta kontaktu horietako batean Poloniako Gobernuak jakinarazi ziola Fiskaltzak agindu zuela atxiloketa sekretupean atxikitzeko lehenengo fasean, Poloniako legeriak horretarako ematen duen aukera baliatuta.

Espainiak, berriz, Poloniari adierazi zion garrantzitsua zela bermatzea Gonzalezek kontsularen bisita jaso ahal izango zuela, eta «haren abokatuak lagundua izateko eskubidea» errespetatu egin behar zela, betiere EH Bilduri emandako erantzunaren arabera.

EHUren «kezka»

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak kezka azaldu du Pablo Gonzalez kazetariaren egoera dela eta. Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, eta espetxean dago geroztik, epaiketaren zain. Kazetaria izateaz gain, EHUko ikasle ere bada Gonzalez, doktoretza han egiten ari baita.

Poloniako Gobernuak Errusiaren aldeko espioitza lana egitea leporatu dio Gonzalezi, baina oraindik ez du aurkeztu hori egiaztatzeko inolako frogarik. EHUk gogorarazi duenez, haren abokatuak ezin izan du Gonzalezekin hitz egin; Poloniako ofiziozko abokatu bat jarri diote, eta orain arte Espainiak Polonian duen kontsularen bisita baino ez du izan. «Poloniako Gobernuaren gutun ofizial bat da familiak eta abokatuak hartu duten informazio bakarra, eta ez dute izan Pablo Gonzalezekin harremanetan jartzeko aukerarik», azaldu du EHUk.

Hori dela eta, EHU harremanetan jarri da atxilotuaren familiarekin, eta erabaki du bere «kezka» agertzea Gonzalezen inguruan dagoen informaziorik ezagatik, eta eskatzea gertakariak berehala argitzeko eta «prozesurako bermerik handienak ezartzeko, bai atxiloketa aldian, bai prozedura osoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.