Hondakinak

Gipuzkoako hondakinen %55,3 birziklatu ziren iaz

Hondakin kopurua ia %5 hazi zen iaz, 2020ko datuekin alderatuta. Pandemiaren osteko «susperraldi ekonomikoarekin» lotu du aldundiak.

Kamioi bat, Zubietako errauste plantan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 31
13:51
Entzun

Gipuzkoan sortutako hondakin kantitateak gora egin zuen iaz, pandemia garaiko murrizketek eragindako beherakadaren ostean. Aldundiaren datuen arabera, ordea, birziklatze tasak ere gora egin du, eta Europako Batasunak 2025erako ezarritako %55eko helburuaren gainetik dago lurraldea.

Pandemia aurretik adina dira Gipuzkoan sortutako hondakinak, Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatu Jose Ignacio Asensioren esanetan. Denera, 329.177 tona eratu ziren iaz, 2020an baino 14.500 gehiago; hau da, %4,9 gehiago. Biztanleko 443 kilo hondakin dira, aldundiaren esanetan. 2020tik pertsona bakoitzeko hogei kilo gehitu arren, Europako batezbestekotik ─500 kilo pertsonako─ behera dago.

Datuak pandemiaren unerik gogorrenen osteko «susperraldi ekonomikoarekin» lotu ditu Asensiok. Horren adibide da beirazko hondakinak %6,5 ugaritu izana, ostalaritzari eta merkataritzari ezarritako neurri murriztaileenak bertan behera geratu ostean. Gainerakoan, biohondakinak %4,4 gehitu dira, papera %2,1 eta ontzi arinak %1,3.

Gora egin du errefus tonen kopuruak ere, baina ehunekoetan alderantzizko joera izan du, seigarren urtez jarraian. «Gaikako bilketaren eta birziklatzearen ehunekoek goraka jarraitzen dute», azaldu du Asensiok, eta gehitu bilketa hori lehen aldiz %60tik gora kokatu dela. Zehazki, etxe eta saltokietako hondakinen bereizketa %58,1ekoa izan zen, baina errefusetik berreskuratutako hondakinekin langa gainditu zen.

Birziklatu, berriz, hondakinen %55,3 birziklatu dira; 2020an baino 0,9 puntu gehiago, eta 2015ean baino 13,1 gehiago. Ontzien kasuan, gorakada are handiagoa izan zen: bederatzi puntukoa, urtebete lehenagoko datuen alderatuta. Hondakin horien %76,9 birziklatu ziren iaz.

Emaitza horiek «Gipuzkoak birziklapenean duen lidergoa» islatzen dute; diputatuaren esanetan, Europako Batasunak 2025erako ezarritako helburuak gainditzen dituen estatuko lurralde bakarra baita Gipuzkoa. Hori lortu ahal izateko herritarrek duten «kontzientziazioa» txalotu du Asensiok: «Urtero gaikako bilketa hobetzen jarraitzen dugu».

Iaz izaniko beste gorakada esanguratsu bat tamaina handiko hondakinena da. Bikoiztu egin zen sortutako tona kopurua; denera, 6.900 tona. Hondakin horiek tratatzeko asmoz, aldundiak Berrerabilpenerako Prestakuntza Zentroa jarri nahi du martxan, «hondakin fluxu horren tratamendua hobetzeko eta lurraldean ekonomia zirkularra bultzatzeko». Era berean, kafe kapsulak jasotzeko sistemak hedatzeko asmoa adierazi du aldundiak; izan ere, horiek bilketa %350 handitu da 2019tik.

Zubietan ere jarri du begirada aldundiak. Erraustegian 6.400 tona errefus berreskuratu dituztela azaldu du. Hala, azpiegituraren «eraginkortasuna» nabarmentzeaz gain, hura «giltzarritzat» jo du hondakinak industriarako baliabide bihurtzeko erronkan.Hura Gipuzkoako Ekonomia Zirkularraren estrategia eraikitzeko oinarrietako bat dela defendatu du Asensiok: «Gaikako bilketa tasa errefusarena baino hogei puntu handiagoa da, eta Zubietako azpiegiturek aukera ezin hobea ematen digute herritarrek egiten duten ahalegina zirkularki osatzeko». Uste du horrek bide ematen diola zikloa zabortegietara jo gabe ixteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.