Eguraldia

Iluntzetik aurrera berriz jaitsiko da elur maila

Elurteek arazo ugari eragin dituzte errepidean, eta litekeena da berriz sortzea gaur gauean. Alerta igandera luzatu dute, elur kota berriz jaitsiko delako 300 metrora.

Elurra Iruñeko Gaztelu plazan. EFE
Nagore Arin.
2022ko apirilaren 1a
09:51
Entzun

Bigarren bolada dator. Gaur gauean elurra egin du, eta horrek arazoak sortu ditu hainbat errepidetan, batez ere Nafarroan eta Araban. Gaur eguerdian, arindu egin da apur bat egoera, elurra 400-500 metrotik gora egin duelako. Baina eten txiki bat besterik ez da izan, iluntzetik aurrera bigarren oldea datorrela ohartarazi baitute meteorologoek.

Gaur gauean 200-300 metrotik gora egingo du elurra berriz, eta, hoztu egingo denez, litekeena da horren ondorioz berriz dezente botatzea Nafarroa eta Araba osoan, eta Bizkaia eta Gipuzkoako barnealdeetan. Horrek, bigarren mailako errepideetan eragina izateaz gain, errepide nagusietan ere arazoak sor ditzake.

Bihar ere antzeko giroa egingo du: arratsaldean igo egingo da berriz elur maila, 500-600 metrora. Bihar arte mantenduko dute alerta laranja elurrarengatik, baina luzatzea erabaki dute, alerta hori bihurtuta. Izan ere, igandeko 10:00ak arte alerta horia ezartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, etzi ere 300 metroraino jaitsiko baita elur kota goizean. Halere, igandean gutxiago botatzea espero dute, eta egunak aurrera egin ahala kota 500 metrora igotzea.

Nafarroako Gobernuak ere elurra kentzeko makinak lanean edukiko ditu astelehenera arte, badaezpada ere. Denera, 58 makina erabili dituzte gaur A-15 autobian, Iruñea eta Orreaga lotzen dituen N-135 errepidean, eta Lizarraldeko bigarren mailako errepideetarako. Horiez gain, beste zazpi makina jarriko dituzte bihar goizean.

A-15a bi norabideetan zabaldu dute gaur, elur kota igo denean. Gauza bera gertatu da Iruñea eta Irun lotzen dituen N-121-A errepidean. Edonola ere, kontuz gidatzeko eskatu dute. Itxita daude, ordea Isabatik igarotzen den NA-137 errepidea, Belaguatik aurrera; Aralarrera igotzeko NA-7510 errepidea, eta Otsagabia-Iratiko NA-2012a.

Arazoak goizean

Nafarroan goizean goizetik egin du elurra, eta azken orduotan aise zuritu ditu kaleak eta errepideak. Arazo ugari ere eragin ditu denboraleak, eta hainbat errepide eta mendate itxi egin behar izan dituzte. A-15a, kasurako, 08:00ak zirela itxi dute Berastegi (Gipuzkoa) parean, elurteengatik. Foruzaingoak N-121-Aa ere itxi egin du kamioientzat, Iruñerako noranzkoan, eta ohartarazi du ibilgailuak oso mantso dabiltzala Belate eta Berrueta artean.

Errepideetan ez ezik, hainbat mendatetan ere arazoak sortu dira elurteen ondorioz. Herrerako mendatera (Araba), esaterako, dagoeneko iritsi da elurra, eta ibilgailu guztientzat itxi behar izan dute. Opakuako eta Urduñako mendateak (Araba) kamioientzat eta ibilgailu artikulatuentzat soilik itxi dituzte. Artesiaga, Egozkue eta Urkiaga mendateak (Nafarroa), berriz, irekita daude oraingoz, baina kateak erabili behar dira haietatik igarotzeko.

Istripuak ere eragin ditu denboraleak. Gipuzkoan hiru ibilgailuren arteko istripu bat izan da Usurbil parean. Kazkabar erauntsi baten ondorioz gertatu da, AP-8 autobidean, eta auto ilara luzeak sortu dira Donostiara bidean. Jadanik normaltasunera itzuli da egoera.

Euskalmeten erregistroen arabera, 2013. urtean egin zuen azkenekoz elurra apirilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.