EAEko Hezkuntza Legea

Urkullu: «Itunpeko eskolaren finantzaketa bermatuta dago datozen hamabi urteetarako»

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du hezkuntza itunak ez duela arriskuan jartzen itunpeko eskola. Akordioa ondu duten alderdiei eskertu  egin die «maximalismoak» alde batera utzi izana. Bildarratzek esan du «neurri osagarriak» eta instituzioen arteko elkarlana behar direla segregazioa amaitzeko.

Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko apirilaren 1a
11:14
Entzun

Hezkuntza ituna hizpide izan dute gaur Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. PP-C’s-ko legebiltzarkide Jose Manuel Gilek egin dio galdera lehendakariari. Salatu du EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk lortutako akordioa «Bilduren arrakasta» izan dela, eta haren bitartez «Bilduren tesiak inposatuko» direla. Besteak beste, itunpeko sarea desagertu egingo dela eta euskara «inposatuko» dela salatu du Gilek.p>

Ikusi gehiago:Ituna egokitzat jo arren, zehaztasun handiagoa galdegin dute ikastolek

Hezkuntza ituna adosteko lau alderdiek egindako ahalegina azpimarratu du lehendakariak, eta ukatu egin du alderdiek beren ideiak inposatu dituztela. «Akordioari esker, denok irabaziko dugu», esan du. Halaber, eskertu egin die lau alderdiei akordioaren mesedetan «maximalismoak alde batera» utzi izana. Urkulluk ezeztatu egin ditu, halaber, PPk itunpeko sareari buruz egindako adierazpenak: «Itunpeko eskola ez dago arriskuan. Alderantziz, hitzarmen honen bidez, hurrengo hamabi urteetarako finantzaketa bermatuta dago». Hizkuntza ereduak ere hizpide izan ditu lehendakariak, eta adierazi du hezkuntza hitzarmenaren helburua dela ikasle guztiek «euskara, gaztelania eta gutxienez beste hizkuntza bat menperatzea». Xedea hau da, Urkulluren aburuz: «Gure sarearen berezko nortasuna mantentzea».

PPren jarrera kritikatu du lehendakariak, batez ere euskararen inguruan duena. «D ereduaren alde egiten duten familiak gero eta gehiago dira, eta ikasturte honetan D ereduaren aldeko hautua %80tik gorakoa da. Familiek hartzen dituzten erabakien aurkako norabidean doa PP».

Segregazioa amaitzeko konpromisoa

Isabel Gonzalez EP-IUko legebiltzarkideak eskola segregazioaz galdetu dio Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. «Eskola segregazioa da hezkuntza sistemaren arazo larrienetako bat», esan du. Gonzalezek nabarmendu du ikastetxe publikoetan metatzen direla maila ekonomiko apaleko eta jatorri atzerritarreko ikasleak, eta egoera zaurgarrian dauden ikasleen metatze horren ondorioz «berdintasun eskubidea» urratu egiten zaiela ikasleei. Joan den astean Steilas eta Ikusbidek elkarrekin egindako azterlanak errealitate hori islatzen duela oroitu du Gonzalezek –Gasteizko hamar ikastetxetik hirutan jatorri migratzailekoak dira ikasleen %84–, eta segregazio datuak zuzentzeko zer neurri hartuko dituen galdetu dio Bildarratzi.

Hezkuntza sailburuak adierazi du segregazioa «fenomeno konplexua» dela, faktore askok eragiten dutela, eta erronka horri aurre egiteko ahaleginean ez dela nahikoa arreta tokian-tokian jartzea: «Hiru lurraldeetan jarduera orekatzaileak egin beharko dira, bereziki hiriburuetan». Hezkuntza sailburuaren hitzetan, Jaurlaritzak neurri ugari jarri ditu abian segregazioa amaitzeko, eta beste batzuk ere etorriko dira, hala jasota dagoelako oinarrien akordioan.p>

Ikusi gehiago:Hezkuntza langileen eskaerak jorratzeko bide orria galdegin du LABek

Segregazioa amaitzeko, «neurri osagarriak» eta instituzioen arteko elkarlana behar dira, Bildarratzen ustez. «Gure egiten ditugu oinarrien akordioan jasotako konpromisoak, baita ekitatearen aldeko eta segregazioaren kontrako borrokarena ere». Hala, azaldu du Jaurlaritzak elkarrizketa prozesu aktiboa bultzatuko duela hezkuntza komunitatearekin 2023an eskola segregazioaren aurkako ituna lor dadin.

Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen aburuz, ordea, neurri sorta batek ez du amaituko segregazioaren problema. «Arazoa egiturazkoa da. Hezkuntza sistemaren erroan sustraitua dagoen gaitz bat da segregazioa. Irtenbidea ez da etorriko segregazioaren sintoma arinak apaltzeko neurrien bitartez; soluzioa segregazioa sostengatzen duten egiturak aldatuz etorriko da». Hala, aldaketak eskatu ditu zentroen titulartasunean eta sistemaren dualtasunean. Eskolaratzea modu orekatuan egin dadin eta bazterketarik egon ez dadin gakoa eskola planifikazioa bada ere, gaur egun planifikazio hori «oinarritik kutsatuta» dagoela salatu du. «Nola erabaki dezake Hezkuntza Sailak toki bakoitzean eskaini beharreko eskola plazen kopuruari buruz, titulartasun pribatua duten ikastetxeen gaineko erabateko lege eskumenik ez badu?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.