Nekazaritza

Abeltzainak haserre daude haragiaren prezio merkearekin

Prezioak hobetu ezean txahalak kanpora saltzen hasiko direla ohartarazi dute EHNEk eta Enbak. Kanal kiloa gutxienez sei euroan ordain dadin nahi dute.

Abeltzainen protesta, gaur Donostian. BERRIA
Irune Lasa.
2022ko apirilaren 1a
13:37
Entzun

«Horrela jarraituz gero, Euskal Herrian ez dugu euskal haragirik izango». EHNE eta ENBA nekazaritza sindikatuek deituta, abeltzainen protesta egin dute gaur Donostian, Bretxako Azokaren parean, haragiarengatik ordaintzen dieten prezioa salatzeko.

30 urtez prezioak ia aldatu gabe, txahalak hazteko funtsezkoak diren zerealak %70 garestitu diren honetan, eta Espainian haragi faltarekin prezio garestiak ordaintzen ari diren honetan, euskal abeltzainek diote «estatu osoko prezio txikienak jasotzera kondenatuta» daudela. «Hori guztia, Euskal Okela bezalako marka sendo bat izanda, teorian tokiko produktuen alde egiten duen banatzaileak izanda, eta kontsumitzaileak Espainian baino sentsibilizatuagoak eta erosteko ahalmen handiagokoak izanda».

Abeltzainek tokiko haragi kateko eragileei eskatu diete erosteko bertako haragia egungo kostuetara egokitutako prezioan, Espainian ordaintzen diren salneurrien parekoetan. Abeltzainen ustez, kanal kiloa gutxienez sei euroan erosi beharko litzateke, «guztiek, harakinek, banatzaileek eta Euskal Okelak euskal haragia izan nahi badute beren harategietan».

EHNE eta Enbak jakinarazi dute txahalak kanpora bidaltzeko antolaketarekin hasiko direla. «Gure haragiari ez badiote duen balioa aitortu nahi, soldata galarazi nahi badigute, maiteago gaituzten beste merkatuetara eramango dugu haragia», ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.