Espetxeak

Justizia errestauratiboa delitu mota guztietara zabaldu nahi du Jaurlaritzak

Espetxe eskumena jaso eta sei hilabetera, Artolazabalek adierazi du kartzelak «oso egoera txarrean» jaso zituztela, baina urratsak egin dituztela preso gaixoen eta adingabeen arreta hobetzeko.

Beatriz Artolazabal, gaur goizeko prentsaurrekoan, Gasteizen. IREKIA
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 1a
13:55
Entzun

Sei hilabete igaro dira Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena jaso zuenetik. «Jasotako herentzia» kudeatzeko erraza izan ez den arren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek uste du urrats asko egin dituztela «norabide egokian», nahiz eta sistema integral bat izatetik «oso urrun» egon. Hala, 2022-2025 aldirako plan estrategikorako proposamena aurkeztu du, justizia errestauratiboa sustatzeko asmoz, baita espetxe sisteman ere.

Jaurlaritzaren Justizia Errestauratiboaren Estrategia eratze prozesuan dago oraindik, baina hark izango dituen ezaugarri batzuen berri eman du erakundeak. Eugenio Artetxe Justizia zuzendariaren esanetan, hiru ardatz izango ditu: justizia errestauratiborako sarbidea erraztea, ezagutzaren eta konfiantzaren gutxieneko kalitate estandarrak ezartzea eta gizartean kultura aldaketa bat bultzatzea. Horretarako, 77 ekintza prestatuko dituzte, hemezortzi helburu lortzera bideratuak. Jaime Tapia espetxe arloko aholkulariaren esanetan, ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran ekingo diote lehen ekintzak martxan jartzeari espetxeetan. Izan ere, delitu arinetan soilik ez, larrietarako ere baliatu nahi dute justizia eredu berria. «Askatasunik gabeko pertsona guztientzat izango da, eginiko delitua dena dela ere», azaldu dute, eta gehitu guztiek eskubide eta betebehar berak izango dituztela.

Tapiak ez du eman ekintzen inguruko xehetasunik, baina adierazi du justizia errestauratiboa «zer den azalduz» hasi behar dela. Hortik aurrera, prozesu errestauratiboetan parte hartuko duten langileen prestakuntza bultzatu nahi du Jaurlaritzak, eta justizia mota hori espazio komunitarioetara zabaltzeko sare bat eratu. Espetxe aholkulariaren esanetan, baina, Eusko Jaurlaritzaren estrategiak orain arteko saiakerek izan ez duten espezifikotasun bat izango du: hasieratik hasiko dira biktimekin gaia tratatzen. Hala, Artetxek uste du orain arteko saiakerek izan dituzten «akatsak» saihestuko dituztela, hala nola estandar argirik ez zehaztea, prestakuntza falta, eta delitu larrietan ez aplikatu izana.

Justizia errestauratiboaren alde egiteko urratsak helburu du «kaltetutakoei eta kaltearen erantzuleei delituarenaukera ematea ondorioak konpontzen aktiboki parte hartzeko», Artolazabalen hitzetan. Prozesu horrek biktimentzat, biktimarioentzat eta gizartearentzat onurak dakartzala esan du sailburuak. Artetxek, berriz, gehitu du kalteak erreparatzea izango dela lehentasuna, eta ez egilea zigortzea.

Jaurlaritzaren estrategia berriaren oinarrietako bat gazte justiziaren arloan eginiko urratsak dira. Artolazabalen hitzetan, 2014tik 2018ra 1.812 prozesu errestauratibo egin ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 2019an, berriz, 1.260 espediente tramitatu zituen Justizia Errestauratiboen Zerbitzuak. Prozesu horiek «emaitza bikainak» eman dituztela uste du sailburuak. Era berean, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak «terrorismoaren biktimei eta giza eskubideen urraketen biktimei» emaniko arreta eta Biktimari Laguntzeko Zerbitzuen lana ere nabarmendu ditu.

Gaur aurkeztutakoa, baina, proposamen bat da oraindik, eta apirilean zigor eta espetxe sistemetako operadoreekin kontrastatuko dute. Emaitzak maiatzaren 5ean eta 6an Bilbon egingo den nazioarteko jardunaldietan aurkeztuko dituzte, bertan ekarpenak jaso eta behin betiko testu bat idazteko.

Sistema integral bat helburu

Espetxe kudeaketaren eskumena bereganatu duenetik Jaurlaritzak eginiko urratsak ere aztertu ditu Artolazabalek. Haren esanetan, albiste ona da aferaren inguruko «albiste negatiborik» ez egotea. Izan ere, sailburuak kritikatu du Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) kartzelak «oso egoera txarrean» zeudela haien kudeaketa hartu zutenean; besteak beste, hezetasuna desagerrarazteko lanak egin behar izan dituzte. Sailburuaren esanetan, gainera, hiru espetxeen arteko elkarlana sustatzeko urratsak egin diren arren, «lehen mailako moduluak eta erdi askatasuneko erregimenak sustatzeko behar adina bizigune izango dituen sistema integral bat» osatzea urrun dago oraindik.

Eginiko jardunbideei dagokienez, Tapiak azaldu du askatasunik gabeko pertsonen mendeko adingabeen arreta hezitzailea eta terapeutikoa bermatzeko pausoak eman dituztela, baita gaixotasun larriak edo sendaezinak dituztenen bizi baldintzak hobetzeko ere, bizileku baliabideak prestatuz. Osasun Sailarekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin elkarlanean ari dira horretarako, baita, besteak beste, suizidioaren prebentziorako ekintzak bultzatzeko ere.

Berritasunetako bat Eudel Euskal Udalen Elkartearen parte hartzea da. Jaurlaritzak eta erakunde hark hitzarmen bat sinatu dute «espetxeratzearen ordezko zigorrak eta neurriak gauzatzeko eredu bat prestatzeko». Era berean, neurri gehiago hartzeko hizketan ari dira foru aldundiekin eta justiziako hainbat eragilerekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.