Musika

Ederra izatear den jaialdi bat

Zeinen Ederra Izango Den jaialdiak 20 talde bilduko ditu bihar Barakaldoko BEC erakustazokan, eta 10.000 pertsona espero dituzte antolatzaileek

Zetak taldea, zuzenean. SANTI OTERO/ EFE
Inigo Astiz
2022ko apirilaren 1a
14:06
Entzun

Ezinbestean, mailu kolpe, bihurkin elektriko, furgoneten joan-etorri eta tartekako korrikaldi hotsek jartzen dituzte zuzeneko musikaren zimenduak. Zeinen Ederra Izango Den jaialdiak 10.000 ikusle inguru bilduko ditu bihar Barakaldoko BEC erakustazokan, eta muntatze lanetan buru-belarri eman dute eguna gaur hamaika langilek. Hogei musika talde arituko dira agertokian, eta duela astebete amaitu ziren sarrera guztiak. Zetak taldeak eta Panda enpresak antolatu dute festibala, eta eguerditik hasi eta gaueko ordu bata arterainoko egunpasa antolatzea da erronka. «Ospakizun handi bat izatea nahi dugu», azaldu du Iratxe Reparaz antolatzaileak, «betiko oroituko dugun data bat. Gurea asmoa da denona eta denontzat izango den jaialdi bat egitea». Besteak beste, Gatibu, Maria Arnal & Marcel Bages, Zoo, Sua, Dupla, Luna Ki, Tanxugueiras, ETS, Ene kantak, eta Zetak izango dira oholtzan, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 300.000 euroko diru sail bat bideratu du jaialdia bultzatzeko. BERRIAk ere babestu du jaialdia. Zeinen ederra izango den aldarrikatu ondoren eder bihurtzeko unean dago oraintxe festibala.

Abesti bat izan zen jaialdiaren lehen hazia. Zetak taldearen Zeinen ederra izango den izenekoa, zehazki. Pello Reparaz musikariak sortu zuen, eta koronabirusak eragindako krisiaren amaiera hartu zuen hizpide, Euskal Herria oraindik itxialdi betean zegoenean. «Zeinen ederra izango den/ eguzki izpiak zure itzala belarretan marrazten,/ muxu bat Larrunen,/ garagardo bat zerura eroritakoen omenez». Sentsazio baikor horri tiraka egin zuten publiko sare sozialetan jaialdi bat antolatzeko lehen asmoa; oraindik egunik, talderik edo lekurik iragarri gabe, baina erantzuna berehalakoa izan zen, eta kolpean bukatu ziren hasiera hartan salgai jarritako 1.000 sarrerak. Eta lehen bultzada horrek eraman du jaialdia egungo neurrietaraino.

Hamar aldiz handiagoa

«Sortu zenean ideia txiki bat zen, eta orain ia hamar aldiz handiagoa izango da», azaldu du Iratxe Reparazek. «Bi urte joan dira ordutik, eta hainbat forma izan ditu jaialdiak, gaur egungora iritsi arte. Hasieratik izan dugu argi jendearen jaialdi bat egitea zela asmoa, eta, horregatik, beti saiatu gara jendeak zer nahi zuen entzuten, eta euskaldunei nahi zutena eskaintzen, eta nik uste dut horrek egiten duela berezi. Jendeak jaialdia bere sentitzen duelako».

Antolatzaileek azaldu dutenez, abestiak transmititzen duen baikortasun eta zoriontasun egarri hori bera sortu nahi du jaialdiak, eta, horregatik, jaialdiaren bezperan ere, kantuaren hainbat esaldi daramatzaten afixak ikus daitezke erakustazokako pabiloian.

B, D edo J plana

Langileen joan-etorri etengabea gorabehera, oraindik hutsunea da nagusi BECeko 4. pabiloian, eta ordenagailuko pantaila baten laguntzaz deskribatzen du bihar hartuko duen itxura Jon Arratibel jaialdiko zuzendariak. «Hor, taldeen azoka egongo da». «Hemen, terraza moduko batzuk egongo dira, lasai jateko». Hatza pantailako kolore multzotik pabiloiko hutsuneetara doa. «Hor photocall bat jarriko dugu».

Bi agertoki nagusi izango ditu jaialdiak: Naiz agertokia eta La Salve agertokia. Artisau azoka bat ere egongo da 18 posturekin; taldeek izango dute beren diskoak saldu ahal izateko leku bat, eta jateko eta edateko guneak ere egongo dira. Hasieran, pabiloi kanpoan ere gune bat jartzea zuten buruan, baina eguraldiak behartu ditu dena barrura eramatera. Arratibel: «Kaleko giro pixka bat sortu nahi genuen, baina B plana aktibatu behar izan dugu. Bueno, edo D plana, edo J plana, ez dakit».

Bizkaiko Aldundiaren babesa

Musikaz aparte, «zerbait gehiago» da jaialdia, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren hitzetan ere. «Topaketa gune bat izango da». Gogoratu duenez, musikarena izan da koronabirusaren pandemiak «kaltetuen» utzi dituen sektoreetako bat, eta, horregatik, hura lagundu beharra defendatu du. «Aldundiak bultzada ematen du halako jaialdiak bideragarri izan daitezen».

Lehenago ere babestu ditu antzeko ekitaldi erraldoiak Bizkaiko Foru Aldundiak. 2022ko ekainean ere, esaterako, Fito Cabrales musikariak San Mamesen eskainiko duen kontzertuaren sustatzaile izan da, eta beste hainbat musika jaialdiren babesle ere bada. «Berton musikari on piloa daukagula helarazi behar diogu jendeari, eta bertotik hasi behar gara».

Jaialdira heltzeko autobus zerbitzuak ere jarriko dituzte antolatzaileek Euskal Herriko hamaika herritatik.

EGITARAUA

Naiz agertokia

12:15. ETS.

13:30. Petazeta.

14:45. Tanxugueiras.

16:30. Maria Arnal & Marcel Bagés.

18:00. Gatibu.

19:45. Los Chicos del Maiz.

21:30. Iseo & Dodosound.

23:00. Zetak.

00:30. Zoo.

La Salve agertokia

12:00. Ene Kantak.

13:15. Maren.

14:15. Anne Lukin.

15:15. Bengo.

16:00. Sua.

17:00. Luna ki.

18:15. Dupla.

19:15. Motxila 21.

20:30. Ezpalak.

22:00. Lildami.

23:30. Dj Adrianna Gaultier.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.