Ingurumena

1995etik inoiz baino hartz gehiago dago Pirinioetan: 70

Animalia horren aldeko taldeek oraindik ez dute ziurtzat jo espeziearen iraupena mendikatean, eta egoera bereziki ahula da mendebaldean, haien arabera.

Sorita hartza, Pirinioetan hartutako irudi batean. FIEP
inaki petxarroman
2022ko apirilaren 1a
15:51
Entzun

Hartz populazioa hazi egin zen Pirinioetan 2021ean: 70 hartz zenbatu zituzten, 2020an baino %9 gehiago, orduan 64 atzeman baitzituzten. Hartz arrearen Frantziako sareak egindako behaketaren arabera, iazko errekorra gainditu egin da 2022an. «Demografiari dagokionez, pozgarria da, baina gai genetikoak, endogamiaren arazoarekin lotutakoak, bere horretan jarraitzen du», adierazi dio Patrick Leyrissoux Ferus elkarteko presidenteordeak AFP agentziari gaur egin duten txostenaren aurkezpenean.<br />Arazo hori zuzentzeko, hartz arrearen aldeko taldeek espezie horretako kide gehiago sartzeko eskatu diote Parisi, haien presentzia iraunkorra bermatzeko, Europako Batzordeak eskatu bezala. Sareak 15 kideko zortzi umealdi atzeman zituen. Haien kalkuluen arabera, 70 hartz daude mendikatean: 34 eme, 32 ar eta sexua zehaztu gabeko beste lau... Euskal Herrian, Okzitanian, Aragoin, Andorran eta Katalunian bizi dira hartzak, 6.500 kilometro koadroko eremu batean.

Pirinioetako hartz populazioa ia etengabe hazi da 1995etik. Orduan 10 hartz baino gutxiago erregistratu zituzten. Ordutik, Esloveniatik heldutako hainbat hartz sartu dituzte Pirinioetan, eta hala, poliki-poliki hobetuz joan da espeziearen egoera. Pays de l 'ours-Adet elkartearentzat, ordea, haien iraupena oraindik ez dago ziurtatuta, eta egoera are eta ahulagoa da mendebaldean.

Hartzek abereei egindako erasoen ondorioz, abeltzainek gaitzetsi egin dute administrazio publikoak espezie horretako animaliak bultzatzeko egindako apustua. Hartzek ganaduaren aurka egin dituzten erasoek tentsioa sortu izan dute abeltzainekin, eta artaldeak babesteko beharrezkoak diren bitartekoak martxan jartzeko eskatu diete gobernuei. Azken urteotan hainbat hartz azaldu dira tiroz hilda. Iaz, esate baterako, ehiztari batek hartz eme bat hil zuen Okzitaniako Pirinioetan, basurde ehizan ari zela, animaliak eraso egin ziola argudiatuta. Azken bi urteotan lau hartz hil dira gizakien tiroek jota Pirinioetan, Ferusek jakinarazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.