Osasun publikoa

Txerri-buru produktuen multzo bat merkatutik kendu dute, listeriaz kutsaturik dagoelakoan

Erosita edukiz gero haragia itzultzeko esan die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herritarrei.

Enpresaren produktuetako batzuk.
2022ko apirilaren 1a
21:10
Entzun

Ohar bat plazaratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, adierazteko txerri-buru produktuen multzo bat merkatutik atera duela, listeria bakterioarekin kutsaturik dagoela eta. Toledoko (Espainia) Industrias Carnicas Tello de Totanes enpresak eginiko produktuak dira, Vicente Lopez izenpean saldutakoak. Nafarroako aztertzaileek topatu dute listeria haragi horren laginetan.

Osasun Sailak esan du oraingoz ez dela inor kutsatu haragi hori jan ostean, baina adi daudela kasuren bat agertzen ote den. Produktuok erreferentzia hau dute etiketan: Registro General Sanitario de Empresas Alimentarias (RGSEAA) 10.04481/TO, lote 22501. Apirilaren 15ean dute iraungitze data.

Norbaitek erosi baditu harategi edo dendara itzultzeko eskatu diote.

Listeria monocytogenes bakterioa da listeriosiaren eragilea. Kutsatutako animalietatik edo haien produktuetatik pasatzen da gizakietara. Gehienetan esnearen eta esnekien bidez kutsatzen da, baina haragi eta barazkien bitartez ere pasatu daiteke.

Hiru eta bost aste bitartean behar ditu inkubatzeko, eta ondoren hasten dira sintomak. Bereziki arriskutsua izan daiteke haurdun dauden emakumeengan, baita immunitate sistema ahuldua dutenengan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.