Zinema
'Hormak'-ek irabazi du euskarazko film onenaren saria Huhezinema jaialdian
Aitor Gametxoren Berak baleki filmak lortu du ikusleen saria, eta Aitor Oñederraren Ur azpian lore-ri eman diote soinurik onenarena. Asko falta da? lanak hiru sari eskuratu ditu ikasleen sailean.

Amaitu berri da XV. Huhezinema jaialdia, Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatzen duen film laburren festibala. Besteak beste, filmetako musikari, karakterizazioari eta etorkizunari buruzko solasaldiak izan dituzte egunotan, hautatutako 31 lanen proiekzioez gain.
Sail Ofizialean, Mikel Uralderen Hormak film laburrak irabazi du Huhezinema saria, euskarazko lanik onenari ematen diotena (800 euro). Epaimahaiak Aitor Oñederraren Ur azpian lore animaziozko lanari eman dio soinu onenaren saria (300 euro), eta Raquel Calvoren Yungay 7020 lanari, berriz, Mundukide saria, giza eskubideen eta justizia sozialaren gaiak egokien txertatuta dauzkan filmari dagokiona (700 euro).
Bestalde, Mondragon Unibertsitateko ikasleek osatutako epaimahaiak Julen Higueraren Albóndigas filmari eman dio Vertigo saria.
Ikasleen sailean, Asko falta da? filma nagusitu da: fikziorik onenaren saria, soinurik onenaren saria eta ikusleen saria irabazi ditu. Hurrengo geltokia lanak lortu du argazki onenaren saria, eta Ama? laburrak, berriz, K saria, zineklubek emandakoa.
Bideoklipen sailean, hiru lan nabarmendu dituzte: Liher taldearen Teloia kantaren bideoklipa, Nitya Lopezek zuzendua; Alai eta Pablo Reverterren Ozen lana; eta Johnny Garsoren Espada y rosa kantaren bideoa, Marino Pardok zuzendua.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.