Hungaria

Garaipen argia lortu du Viktor Orban EBren aurkako lehen ministroak

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea «kontrario» gisa definitu du. «Hau ez da gure gerra, ez dugu sartu behar», esan zuen kanpainan. Lege transfoboaren inguruko erreferenduma baliogabe geratu da, LGTB taldeen boikot estrategiak eragina izan duela eta.

Orban, kanpainako ekitaldi batean. BENKO VIVIEN CHER / HUNGARIAN PR
Edu Lartzanguren.
2022ko apirilaren 4a
07:26
Entzun

Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren Fidesz alderdiak botoen %53,1 irabazi ditu atzo herrialdean eginiko hauteskunde nagusietan. Oposizioak %35 baino ez du eskuratu.

Europako Batasuneko kidea da Hungaria, eta Orbanen garaipenaren albisteak buruko min bikoitzarekin esnatuko zen Brusela. Izan ere, EBrekin etsaituta dago Orban. Bruselak leporatzen dio zuzenbide estatua urratzen duela, adierazpen askatasuna mugatu duelako, sistema judizialean esku hartu duelako, eta gutxiengoen eskubideak murrizteko legeak onartu dituelako.

Horrez gain, EBko herrialdeen artean, bestelako ahotsa hartu du Ukrainako gerraren aferan. «Hau ez da gure gerra, ez dugu sartu behar», esan zuen kanpainan, eta hau gaineratu zuen: «Hungariarrek ez dute gerraren prezioa ordainduko». Errusiaren aurkako zigorrak sinatu egin ditu Orbanek, baina Ukrainari armak bidaltzearen aurka agertu da hainbatetan. Bart ere, garaipenaren berri jaso ostean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea «kontrario» gisa definitu du.

Hungaria da Kremlinek EBn daukan aliatu nagusia. Hungariak kontsumitzen duen gasaren %80 eta petrolioaren %64 Errusiatik inportatzen du. Putinek eta Orbanek otsailaren 1ean sinatu zuten gasaren bueltako azken akordioa, Moskun. «Errusiako gasa badugu, ez da murrizketarik egongo gastuan; Errusiako gasik ez badugu, orduan murrizketak izango dira», ohartarazi zuen Orbanek orduan.

«Sekulako garaipena da hau», esan du Orbanek bart, Budapesten. «Ilargitik ikus dezakete, baina baita Bruselatik ere».

Laugarren garaipena

2010. urtetik dago agintean Orbanen alderdia. 135 aulki irabazi ditu Hungariako Parlamentuan, beraz, bi hereneko gehiengoa dauka. Parte-hartzea handia izan da, gainera: %68.69.

Oposizioak kolpe handia hartu du. Lehen ministrorako haren hautagai Peter Marki-Zayk ez du irabazi ezta bere barrutian ere, Hodmezovasarhelyn, nahiz eta hiriko alkate den 2018. urtetik. Orban ala Europa lelopean egin du kanpaina. Beste bost alderdirekin koalizioan agertu zen Marki-Zay: DK Koalizio Demokratikoa (liberala); Jobbik (kontserbadorea); LMP Hungariako Alderdi Berdea (ekologista); Momentum Mugimendua (liberala); MSZP Hungariako Alderdi Sozialista (sozialdemokrata); eta PM Hungariarentzako Elkarrizketa (ekologista). Alderdiotako buruek bakarrik utzi dute bart Marki-Zay porrotean.

Oposizioak salatu izan duenez, Orbanek eta haren atzetik dagoen oligopolioak herrialde hedabide gehienen kontrola dauka.

Marki-Zay armak Ukrainara bidaltzearen alde dago, eta, NATOk eskatuz gero, tropak ere bai.

Orbanek gertuko harremana du eskuin muturreko liderrekin: Matteo Salvini Legakoarekin (Italia), eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearekin eta Santiago Abascal Voxeko buruarekin (Espainia), besteak beste; baita Vladimir Putin Errusiako presidentearekin ere.

Erreferendum homofoboa, balio gabe

Parlamentuan irabazi arren, Orbanen alderdiak huts egin du atzorako zeukan beste helburuan. Bozekin batera, erreferenduma egin zuten Fideszek ezarritako lege homofoboaren inguruan. Baina LGTB kolektiboek dei egin zieten herritarrei baliogabeko botoa emateko. Eta funtzionatu du: bakarrik %44 izan dira balioko botoak; beraz, erreferendumak ez du baliorik izango, horretarako gutxienez %50 behar zituelako.

Adin txikikoei homosexualitatearen eta sexu aldaketaren inguruan hitz egitea ere debekatzen du legeak.

Emaitzek erakutsi dute LGTB taldeek taktika egokia erabili dutela, balioko botoen %90 jaso dituelako Gobernuaren debeku proposamenak. Boto paperen %20 baliogabeko deklaratu zituzten, baiezkoa eta ezezkoa markaturik zeudelako, LGTB erakundeek eskatu zuten bezala, edo bestelako protesta mezuak zituztelako.

Orbanen eta Bruselaren arteko arrakalaren osagai nagusietako bat da legea, Europako Batasunak zigor dosier bat ireki baitio Hungariari, araua homofoboa, diskriminatzailea eta batasunaren balioen aurkakoa dela iritzita.

Fidesz alderdiak botoen %53 jaso baditu Legebiltzarrerako bozetan, erreferendumean bederatzi puntu beherago geratu da. Ondoriozta daiteke, beraz, Orbanen boto emaile asko ere ez datorrela bat lege homofoboarekin.

«Propaganda baztertzailearen erreferenduma baliogabe geratu da», esan du Hatter LGTB erakundeak. «Eskertzen ditugu baliorik gabeko boto guztiak».

Edonola ere, Orbanek zilegitasun kutsua baino ez zion eman nahi legeari erreferendumaren bitartez. Izan ere, legeak indarrean jarraituko du, galdeketak huts egin arren.

LGTB mugimenduek salatu izan dute Orbanen legeak «homosexualitatea eta pedofilia berdintzen» dituela. Hatter erakundeak salatu izan du, besteak beste, gazte homosexualek eta transexualek jasaten duten jazarpenaren aurkako laguntza oro desagerrarazi duela. Izan ere, legeak debekatu egin zuen adingabeek sarbidea duten espazioetan «homosexualitatearen eta sexu aldaketaren» inguruko edukiak argitaratzea. Era berean, estatuak onartutako erakundeek soilik tratatu ahal dute sexua hezkuntzan, eta ezin da gai horien inguruko «propaganda» egin, ezta hedabideetan homosexualitatea edota transexualitatea tratatzen duten iragarkirik argitaratu ere, 22:00ak baino lehen. Hatterrek esan du lege eztabaidagarriak ezartzeko asmoa badago erreferenduma aurretik egin behar dela, eta ez onartu ostean.

Gobernu ultrakontserbadoreak 2011n onartutako konstituzioan, «ezkontza» gizon baten eta emakume baten artekoa bakarrik izan zitekeela zehaztu zen, eta, urte batzuk geroago, haurrak adoptatzeko eskubidea galarazi zieten homosexualei. Orduan, hau adierazi zuen Orbanek: «Hungaria herrialde tolerantea eta eraman handikoa da homosexualitatearekin, gure haurrak bakean uzten badituzte, betiere». Geroago, transexualei izena aldatzea galarazten dien lege bat onartu zuten.

Hauek ziren erreferendumean herritarrei eginiko galderetako bi: Bat zatoz hezkuntza publikoko ikastetxeetan sexu orientazioaren inguruko hitzaldiak ematearekin gurasoen baimenik gabe?Bat zatoz adin txikikoetan sexu aldaketaren inguruko terapiak bultzatzearekin?

Gobernuak eskatu zien herritarrei ezetz bozkatzeko galdera guztiei.

Europar Kontseiluak gaitzetsi egin zituen galderak, «anbiguoak eta engainagarriak» zirelakoan. Europako Batzordeak esan zuen legea «diskrminatzailea» eta «lotsagarria» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.