Musika

Jon Batiste gailendu da Grammy sarietan

Bost sari eskuratu ditu Batistek; besteak beste, urteko diskorik onenaren saria 'We Are' lanarekin.

Jon Batiste artista estatubatuarra. PETER FOLEY
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko apirilaren 4a
13:46
Entzun

Jon Batiste artista bost aldiz igo da oholtza gainera bart Grammy sarien galan. AEBetako Arte eta Zientzien Grabazio Akademia Nazionalak urtero-urtero banatzen ditu sariok, eta, aurten, Batiste izan da protagonista nagusietako bat: bost sari jaso ditu. Tartean, urteko diskorik onenarena, We Are lanarekin; musika bideorik onenarena, Fredoom lanarekin; eta soinu bandarik onenarena, Soul lanarekin. Lehiakortasuna alde batera utzi eta lortutako arrakastan jarri nahi izan du arreta artistak: «Ez dago musikari, abesti edo aktore hoberik. Arteak subjektiboak dira, eta gehien behar denean egiten dute topo jendearekin».

We Are diskoaren lehen grabazioa Ed Sullivan teatroko bere jantzigelan egin zuen Batistek, saioa grabatzen duten lekuan, sei egunetan. 2019ko irailean izan zen hori, eta 2020ko udaberrian amaitu zituen estudioko lanak. Hamabi instrumentu jo zituen berak, eta soula, jazza, rapa, rhythm and bluesa eta gospela daude diskoko hamahiru abestietan.

Silk Sonic bikoteak, bestalde, grabazio eta abesti onenaren sariak eskuratu ditu, Leave the Door Open lanarekin. Bestalde, Olivia Rodrigok eskuratu du AEBetako artista berririk onenaren saria. 19 urteko artista gazteak pozez jaso du aitortza: «Nire ametsik handiena egia bihurtu da». Horrez gainera, pop emanaldirik onenaren saria eta pop diskorik onenaren saria ere eskuratu zituen, Sour lanagatik.

Askatasuna izan zen gaueko gaietako bat, eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bideo bitartez hartu zuen parte sari banaketan. «Gerraren beste muturrean, beste ezer baino gehiago, musika dago", esan zuen. Horixe izan zen gaueko isilune bakarra.

Sariez gainera, ekitaldian hainbat emanaldi izan ziren; besteak beste, John Legend, Billie Elilish, Lady Gaga, J Balvin eta Maria Becerra kantarienak. Horietako askok, gainera, joan den astean hildako Taylor Hawkins Foo Fighters taldeko bateria jotzailea omendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.